Talentua garai honetan zaindu, babestu eta erakarri beharreko altxorra ei da. Horregatik, Kutxabankeko lehendakari Anton Arriolak hezkuntzan ingelesari garrantzi handiagoa eman behar zaiola adierazi du, eta euskara horretarako oztopo izan daitekeela Poloniatik etor litezkeen talentuak erakartzeko! Goldman Sachs-eko langile ohi eta gure Kutxa pribatizatuko egungo gidariak jakin dezala nik ditudan talentu eta diru apurrak uxatu egin dituela.
Talentu handiko poloniarrak ezagutzen ditut; euskara irakasten eta eleaniztasunaren onurak ikertzen ari dira gure artean. Euskarak eta haren biziberritze prozesuak liluratuta geratu dira; izan ere, Euskal Herriak zerbait izan badu munduari erakusteko, hori gure biziberritze prozesua izan da. Talentu handia bildu zen, debekatuta eta funtzio gehienetatik baztertuta zegoen hizkuntza gizarteko esparru guztietara eraman ahal izateko. Ekonomiazaleen hizkera erabilita, esan dezakegu gure biziberritzearen urrats haiek “esportatu” egiten ditugula, beste herri batzuei adierazteko zulotik irtetea posible dela. Beste herri horiengandik ere asko ikasten dugu, ekonomikoa ez den elkartruke zoragarri batean.
Gurera, zorionez, azken urte eta hamarkadetan talentu ugari heldu da. Ehunka hizkuntza ekarri dituzte, eta beste hainbeste mundu-ikuskera; benetako aberastasuna
Gurera, zorionez, azken urte eta hamarkadetan talentu ugari heldu da. Askok ingelesez hitz egiten dute, baina beste askok ez. Ehunka hizkuntza ekarri dituzte, eta beste hainbeste mundu-ikuskera; bene-benetako aberastasuna. Kapitalistek eleaniztasuna aipatu eta beste zerbait adierazi nahi dute: gaztelania, ingelesa, frantsesa, alemanera, txinera… ikastea. Horregatik, euskara ez zaie interesgarria egiten, ezta wolofa, hurdua, kitxuera edo amazigera ere.
Errealitate hori ekarri du argitara EAEko parlamentura bertara heldu den herritar horietako batek, Kolonbiatik etorritakoak, hain zuzen ere. Hizkuntza horiek, asko gutxituak eta inola ere ez mehatxua gurearentzat, gure artean direla adierazi du, konstatazio bat besterik ez. Bada, euskaltzale askok haren kontra egin dute, hizkuntza horiek etxean ondo, baina gure eskoletan, gure kaleetan inolako lekurik ezin dutela izan adierazita. Mehatxuak ez dauden lekuan ikustea talentu gutxiren adierazle baino gehiago beldurraren zantzua izaten da, baina izan daiteke jarrera ez oso sanoen adierazle ere, eta txekeatu egin behar ditugu.
Ze ona litzatekeen patioetan dauden hizkuntza horiek guztiek osatzea gure curriculumetako izaera eleanitza, gure seme-alabek euskara erdigunean eta ardatz, baina beste hizkuntza txiki horiei lekua eginez, ez soilik gaztelania edo ingelesari. Zein ona litzatekeen gure hizkuntza-eskoletan ere hizkuntza horietara hurbiltzeko aukera izatea, munduko hizkuntzen eta eleaniztasunaren eskolak bilakatzea. Noiz ikasiko dugu mehatxuak eta konplizeak bereizten?