argia.eus
INPRIMATU
Mugarik ez!
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2025eko ekainaren 06a

Dirudienez
Karma
Autoekoizpena, 2025

--------------------------------------------------------

Mugatzat ez badugu ere, muga da askotan Bidasoa; kulturala, informazioarena… Eta beste aldekoa urrun gelditzen zaigu. Bada, gogoa eta laguntasuna dira muga apurtzaile onenak eta, hain justu, lagun baten bitartez izan dut Karma taldearen berri. Antton abeslari eta gitarrak, beste proiektu batzuetan ibilitakoak, pandemian espreski rock talde baterako kantuak idatzi zituen; gerora, hirukotea osatu zuten eta 2023an Odoletan dena EPa irten zen argitara. Lanak rock, metal eta melodiaren arteko uztarketa eta Berri Txarrak-en eragina du. Oraingoak, baina, bestelako jauzia dakar; gai izan dira estilo desberdinen arteko uztarketa irudimentsu eta harrigarria lortzeko.

Ez dut zalantza izpirik Karmako taldekideak hard-rock, metal eta heavyan trebatuta daudela, antigoalekoan askotan, baina Dirudienez-en asmatu dute ezohiko jantziak dituzten piezak, erregistro eta aldaketa handikoak, gorpuzten. Hain zuzen ere, metal kutsuz zipriztindutako pieza hauetan nabarmen presente dago, esaterako, Iparraldean luzaroan babestu eta zaindutako kantagintza berezkoa, rockaren esparruan ere maisutasunez Niko Etxartek landutakoa.  

Zepo bakarra pop-rocka da, atmosferiko, metalero eta pisutsua ere bilakatzen dena. Eta oharkabean-ek baditu NWOBHMen zantzuak, urgentzia, abiadura eta klasikoen dotoretasuna. Plastikozko oasian-ek hardrocka, pop-rocka eta Niko handiaren atrebentzia elkartzen ditu. Itzala bezain aske diskoko hit!-etako bat da: rock garajero jaio eta, itsaskorra zeharo, ia epiko bilakatuta. Asetzen ez dena piezan, Kristonak-eko Pello Artaberen laguntzarekin ahots erregistroak kontrastatuz, Thin Lizzy, Etxarten Minuette eta erritmo tribalekin pieza sasi-orkestrala osatu dute. 

Burutik eskuetara danbatekoa da: ia funkya den hard-rocka, oso jostari, indartsu eta rockeroa. Zoin muga-k bluesa, metal melodikoa eta ahotsak ederki batzen ditu. Geroa gurea thrash eta eskola zaharreko heavya Andaluziako kutsua duen psikodeliarekin ezkonduta. Eta Marrubi ustela Antton crooner gisa azaltzen zaigun saeta progresiboa.