argia.eus
INPRIMATU
Meloi saltzailea
Ulertezina ulertzea
June Fernández 2025eko ekainaren 04a

13 urteko mutil bat da Adolescence telesailaren protagonista, bere eskolako neska bat erailtzeagatik atxilotua. Lau kapitulutan zehar saiatuko gara ulertezina ulertzen, baina gidoilariek ez digute azalpen errazik emango, baizik eta bullying dinamika nahasiak, manosferaren eragin neurtua, aita señoro arruntari errua botatzeko helduleku falta…

13 urte zituen Eva gure Bilboko bizilagunak, bere aitak eraildako feminizidioaren biktima. Evaren amak urteak zeramatzan senarraren indarkeria matxista jasaten, eta banaketa prozesuan zegoen. El Correoren arabera, emaztea ere sastakatzen saiatu
zen Pedro gau hartan. Bere buruaz beste egin zuen ondoren.

Laztura ulertzen saiatuko gara, nor bere ideologiaren arabera. El Correok familiako hiru kideen datu ia guztiak zabaldu ditu, tartean gurasoen jatorriak, eta harpide askok (gizon zuri matxistak) hor topatu du azalpen erraza: indarkeria matxista etorkinekin lotzea
estrategia bikaina da ardura kolektiboa saihesteko eta xenofobia indartzeko.

Feministontzat, aldiz, patriarkatua da azalpena eta, zehatz mehatz, indarkeria bikarioa. Hala da. Baina hitz klabeak argi izatea ez da nahikoa, ulertezina ulertzeko, are gutxiago liseritzeko.

Oso presente daukat Norma Vázquez psikologoak eman zidan lezioa: “Feministok oso ohituta gaude kanpoko munduarekin borrokatzera eta emakumeei gertatzen zaiena ideia oso orokor batzuetatik abiatuta azaldu nahi izatera. Agian deformazio profesionala da, baina iruditzen zait asko hitz egiten dela eta gutxi entzuten dela”.

Konplexutasunari aurre egiteko erronka ere aipatu zidan Vázquezek. El Correoren kronika arduragabeak marraztu ditu biktima eta biktimario perfektuak: gizon latino mozkor jeloskorra; ama errumaniar otzan ezti sakrifikatua; alaba ikasle on xarmangarria. Kasu honetan, badirudi erraza dela halako sinplifikazio ariketa egitea, ez ordea indarkeria matxista “gutarren” artean ematen denean.

Haurren eskubideetan aditua den Violeta Assiego abokatuari zor diot beste lezio bat: erne heldukeriarekin indarkeria bikarioaz mintzo garenean. Pertsona oso bat zen Eva, gizabanako bat, ez amaren apendizea, ezta bere Akiles orpoa ere. Irakurzalea,
marrazkilaria, otakua (begira, kronika arduragabearen detaile horiek bai eskertu ditut).

Gure artean bego.