Unibertsitateko ikasleak azterketa garaian dauden bitartean, irakasleoi ikasturtea ixtea dagokigu. Irakasleak talde txikitan biltzean oso ohikoa da urte batetik besterako aldaketen gainekoak konpartitzea eta hausnarketaren brindis gisara ikasle belaunaldiaren
ezaugarritzea egitea, ikasleriak pairatzen dituen gatazkak atzera begirakoan eta konparaketan ulerkorragoak edo enpatikoagoak
gertatuko zaizkigun ilusiopean. Egia dena da, irakasleontzat urtetik urtera ikasleak gazteagoak egiten zaizkigula adin bereko taldeak izan arren, ikasleekiko adin tartea handitzeagatik bakarrik.
Centennials-ak ari dira unibertsitateko gelak betetzen. Klasera sartu eta ordenagailuko pantailaren atzean esertzen dira (debekaturik egon ezean) eta multi-tasking-a praktikatzen dute; irakaslearen kontakizunarekin batera beste lan batzuk egin eta googleatzen dute aldi berean. Arreta eginkizun bakarrean izateak denbora galtzearen sentsazioa hartzen baitie. Klaro, lanak epe laburrera ekoiztera oso ohituta daude eta zeregin asko eskatzen zaizkie.
Arkitekturako centennials-ek argi dute eraikin berri bat egiteak energia eta baliabide natural tonen xahutzea dakarrela, eta berri bat egin aurretik daukagun eraikin baten eraberritzeak zentzu handiagoa duela. Etxebizitzaren krisialdiaren berri dute, emantzipaziorako bidean koska bat izango zaiena. Beraien lanen helburuak azaltzerakoan, hiru hitz bolo-bolo darabilte: jasangarritasuna, dibertsitatea eta komunitatea. Hitz bakoitzak ekologia, generoa eta kolektibotasunaren diskurtso nagusiei egiten die erreferentzia, hurrenez hurren, sare sozialetatik iristen zaiena eta adostasun maila handiarekin errepikatzen dutena. Zuzentasun politikoko mezuetan murgiltzen dira, kuestionamendu handirik gabe, badaezpada. Klase tarte gutxi daude eztabaidara bideratuak, bestelako metodologia eguneratuagoak praktikatzen direlako.
Ikasgelak inoiz baino iragazkortasun handiagoa du kanpoan gertatzen denarekiko: ispilu egiten gaitu.