Euskal Herriko mugimendu abertzaleen hasieran, langile borrokak kanpotik inposaturiko zerbait balira bezala ikusi ohi ziren. Euzkadi egunkariko orrialdeetan maiz irakur zitezkeen sozialisten kontrako diatribak. Harritzekoak ere ez ziren erasook, egia esan, egunkari sozialistetan “baserritarren” kontra botatzen zituzten perlak irakurrita. Identitateak kontra eginez eraikitzea, tamalez, ohikoa da. Oso hasiera gatazkatsuak izan ziren.
Horregatik, nahiko harrituta irakurri nuen Kirikiñoren artikulua, Oporketa orokorra (oporketa greba esateko erabiltzen zen hitza zen, garai hartan greba hitza oraindik ez omen zegoen asmatuta). 1916ko abenduan idatzi zuen, Lehenengo Mundu Gerra bitartean, eta greba orokorraren deialdiaren aurrean, nahiz eta zalantzati egon, ez zuen egin, ohi zuen legez, kritika amorratu bat.
“Bai dakizue bihar oporketa orokorra izango dala. Inork ez du biharrik, dendak itxita, izparringiak irten barik, eta tranbiak ere geldi. Zergatik hori? Bazkagaiak edo jan-edaneko gaiak garesti jarri direlako? (...) Diote biharko oporroketa hau dala 'amenazo' bat Gobernuarentzat. (...) Eta gobernuak ¿Al ete-dau, ber eskuan ete-dauko, gauzen merkatze hori? Hauxe ez dakigu. Gure susmoa da gudea dala garestitze guztien iturria, eta harek diraun bitartean, ez Gobernuak ez inork ezin izango duala azkatu morapil hau. Nori otu yako biharko oporketa hau egitea? Españako sozialisten buru diran gizonak dira oporketa honen asmatzaileak eta antolatzaileak. (...) Dana dala, bazkagiak merkatzera heltzen badira gauza on bat egingo zuten. Ikusiko dugu ba, itxarotea baino ez daukagu”.
Euskal Herriko mugimendu abertzaleen hasieran, langile borrokak kanpotik inposaturiko zerbait balira bezala ikusi ohi ziren
Katalunian ezberdinak izan ziren hasierak. Espainiatik langile asko etorri baino lehenago, langile borroka hasita baitzegoen. Borroka hau ez zen sentitu kanpotik ekarritako zerbait balitz bezala. Eta, beste aldetik, esango nuke “baserritarren” kontrako konplexurik gabeko mespretxuak ez zirela hainbesterako izan.
Joan Margaritek, poeta katalanak, greba orokorraren inguruko esaldi ikoniko bat dauka: “Greba orokorreko eguneko egunsentia, hori da Askatasuna”. Esaldia idatzi zuen Franco diktadorea hil ondoren, baina duela gutxi irakurri dudan Errepublika garaiko ipuin polit baten izenburua ematen du. Ipuina irratiz entzun zen 1936an, gerra garaian. Hara hor Pepet-en istorioaren zati bat, greba orokorraren goiz batean:
“Pepet, dendara joan beharrik gabe, libre sentitu zen. Pisuan bakarrik geratu zen, burua pozez jira-biraka. (...) Ilea urez ongi lisatuta eta poltsikotik zintzilikatutako musuzapi morea bihotzean ondo eskuilatuta jantzi ondoren, dotore zegoela iruditu zitzaion. Kalez kale ibiliz, ur-putzuen artean saltoka, zeuzkan zapata bakarrak ez bustitzeko, gizon sentitzen zen. Ezin zen inora joan, dendak itxita baitzeuden, baina berdin zen, orain hiri osoa berea zen, osoa (...) Berak ez zuen inoiz ikusi paseoak hain zabalak zirenik, balkoietan loreontzi loredunak zeudenik... Bartzelona ez zen inoiz hain zabala izan, hain alaia, pentsatzen zuen mutikoak. Ez zen ezta arima bat ere ikusten. Bide erdian, Pepet munduaren jabe zen”.
Agian, Bilbon, 1916ko greba orokor hartan Josetxo bat ere egongo zen, Pepet bezala, gurdizain lanbidez. Akaso aurreko egunean irakurriko zuen Euzkadin Kirikinoren zutabea. Eta eguna iritsi zenean, egunsentiarekin batera aterako zen kalera, eta greba egunean, Bilbo erdian, bat-batean, konturatuko zen, beharbada, hiria berea ere bazela.