Elon Musken xAI enpresak garatutako Grok adimen artifizialeko txatbota Telegramen txertatuko dute. 1.000 milioi erabiltzailetan sartuko da eta horren truke 264 milioi dolar jasoko du Pável Dúrovek zuzendutako enpresak. Orain arte, Grok X sarean edo Musken bestelako tresnetan bakarrik zegoen eta horietan erabiltzaileek edozer galde diezaiokete hari. Akordio honen arabera, Telegrameko erabiltzaileek berdintsu jokatu ahal izango lukete Grokekin, akordioa guztiz ixten denean.
Telegramek orain arte irmo defendatu izan du bere mezuen konfidentzialtasuna, eta aurretik ere horren inguruko zalantzak gero eta ugariagoak baziren ere, jokaldi honekin hori guztiz zalantzan geratzen da, datu guztiak Musken IAren erabileraren menpe geratzeko arriskua begi-bistakoa delako.
Dúrovek gezurtatu egin du horrelakorik eta defendatu du “erabiltzaileen konfidentzialtasuna” erabatekoa izango dela aurrerantzean ere, eta Grokek bakarrik erabiliko dituela harekin egindako elkarreragiketen datuak. Akordioa gauzatzen denean, erabiltzaileek beren hizketaldietako kanalaren goiko aldean Groken txat iraunkor bat izango dute hari nahi dituzten kontsultak egiteko. Ez dute argitu ea Grokek erabiliko dituen datu horiek gerora xIA-k erabili ahal izango dituen bere entrenamenduetan. Edonola ere, argi dagoena da ez diola erabiltzaileen eskaera bati erantzuten, baizik eta ikuspegi merkantilista hutsari.
Deszentralizazioa
Software librearen aldeko aktibista David Martinezek Etzi.pm webgunean idatzi duenez, "egun, Telegram-en eta WhatsApp-en arteko desberdintasun bakarra estetikoa baino ez da". Facebook, Twitter eta halakoetan ikusi dugun garapena edo inboluzioa gogoan, patroia ia beti antzekoa dela ohartarazi dute. "Lehen fasean, erabiltzailea konkistatzen da, askatasunaren,
neutraltasunaren eta altruismoaren izenean. Bigarrenean, enpresak eta inbertitzaileak erakartzen dira, erabiltzaile oinarri “leiala” erakutsiz. Eta hirugarrenean, erabiltzaileak zukutzen dituzte Grok bezalako tresna manipulatzaileen bidez". Akordio hau gauzatzen bada, Martinezek argi du Telegram lehen eta bigarren fasetik hirugarren fasera pasako dela.
Horren aurrean irtenbide "koherente bakarra" deszentralizazioaren alde egitea dela dio, alderdi guztietan: komunikazioa, azpiegitura, gobernantza eta garapen teknologikoa. Eta zehazki, komunikazio tresnen kasuan, Matrix, Element edo FluffyChat bezalako tresna federatu, burujabe eta erresilienteak hobetsi ditu.