TARTARO
Testuak: Xantal Barnetxe
Ilustrazioak: Leire Perret
Ikas, 2025
--------------------------------------------------------------------
Tartaro infernuaren antzeko tokia dugu antzinako Grezian, baita pertsonaia mitologikoa ere, Virgiliok aipatua aspaldian eta euskarazko bertsioa ere izan duena. Liburu honetara hurbiltzean badirudi pertsonaia mitologikoaz arituko zaizkigula egileak; ez da horrela, ordea. Gaur egungo haur eta gazte baten istorioa dugu Tartaro. Haurra jaiotzen den unetik –“Ninia sortu zelarik, aita-amak zorionez bete ziren. -Ez duxu munduan bertze haurrik xu bezain ederra denik -xuxurlatzen zioten"–, heldu bilakatu artekoa biltzen zaigu liburuan.
Niniari Tartaro izena jartzen diotela jakingo dugu eskolara doanean, bitartean irakurleak bi ideia jasotzen ditu testu eta irudien bidez: ume zoragarria dela, ederra; eta, bestalde, guztiak harritzen direla hura ikustean. Tartaro deitzen da… begi-bakarra delako. Eta ezaugarri horrek ezberdin egiten du.
Tartaro oso trebea da eskolan, lehen mailan, kolegioan, lizeoan baita unibertsitatean ere; ikasle ona, hizkuntzak biziki gustuko dituena, irakurtzen, matematikan… oso ongi moldatzen dena. Baina, era berean, jolaslekuan, pilotan, futbolean edo skate parkean gaizki aritzen da. Eta hor beste haur edo gazteen mesprezua eta irainak jasan beharko ditu, “haurrak ez baitira elkarren artean beti zintzo, hartaz trufatzen ziren (…) zirikatzen zuten”.
Egitura errepikakorra erabiltzen dute egileek hezkuntza etapa guztietatik pasatuta. Tartarok oztopoak ditu aurrera egiteko, jazarpena jasaten du ezberdina izateagatik, baina, era berean, beti jasotzen du aldeko iritziren bat: “Ez kezkatu, denak desberdinak gaituk; horrek dik egiten gu guzien aberastasuna!”.
Amaiera zoriontsua duen istorioa dugu Tartaro; umore puntu batez amaitzen da, gainera, baina hori baino garrantzitsuagoa da egiten den bidea. Testu sinple eta irudi oso adierazgarrien bidez egileek ederki eramaten gaituzte elkarbizitzaren eta norberaren garapenaren aldeko istorio honetan zehar; ezberdintasunaren errebindikazioa ere baden lan eder honetan.