Diskrezioa edo zuhurtzia hitzak entzuten dizkiedanean buruzagi politikoei kezka sortzen zait. “Hobe izango da zuhurtziaz jokatzea”, esaten digute. Horixe izaten da estalkia jakiteko, era publikoan egin izan balitz, onargarria ez zatekeen operazioa era sekretuan prestatzen ari direla. Eta azkenaldian maiz entzuten diet etxeko buruzagiei ditxosozko diskrezio kontzeptu hori. Zerbait prestatzen ari dira, sekretuan eta etxekalte, susmatzen dut.
Izan ere, estatus berriaz mintzo dira, baina estatutu itzultzen dut nik, eta ez digute esaten berritasun hori zertan oinarritu nahi duten. Iturri onetik jaso ditudan informazioen arabera, Trantsizio haren trantsizioa burutu nahi dutela iruditzen zait. Zertxobait aldatu sakonean ezer ez aldatzeko, formula zahar hura erabilita. Esango dut dakidana: gobernukide biak gehi oposizioko nagusiak erdi-adostuta omen dute EAE deitutako hirukoan beste “akordio historiko” horietako bat aurkeztea, datorren uda ondoren; guztiz kozinatua eta estatuko gobernu-agintariek aurreikusi eta baimendua, baina mami handirik gabea, itxurazko “nazioaren onarpena” baino haratago joango ez dena.
Kontua da euskaldunok eskarmentu handia dugula era horretako operazio politikoekin. Gogoratu, bestela, nola ezarri ziguten aurreko Trantsizio hura. Frankismoan bertan kozinatu zen, eta Suarez izeneko falangista aggiornatuak gainezarri zigun estatus “berritua”, bertako monarkia, armada, polizia, epaitegi eta enparauekin. Gainezarri, bai. “Monarkiaren gaineko erreferenduma egin izan bagenu, galdu egingo genuen, eta hobe zen zeharka sartzea”, azaldu zuen gerora lotsarik gabe, 1978ko konstituzio espainiarra antolatu zutenean.
Erdi-adostuta omen dute EAE hirukoan uda ondoren beste “akordio historiko” horietako bat aurkeztea, itxurazko “nazioaren onarpena” baino haratago joango ez dena
Konstituzioaren gainean bai egin zuten erreferenduma, baina Hego Euskal Herrian ez zuten lortu populazioaren gehienak onartzea, eta emaitza oso txarrak izan zituzten, heren batetik behera. Baina inposatu egin digute konstituzio arrotza, Espainia barruan muga estuz derrigortuz euskaldunok. Muga horien barruan gainezarri digute Hego Euskal Herriaren barne-zatiketa, EAE alde batera eta Nafarroa Garaia bestera. Muga horien barruan derrigortu digute espainiera eta mende hartu euskara bera.
Era berdintsuan jokatu zuten zortzi urte ondoren, NATO barrura derrigortuta. Erreferenduma orduan ere. Hego Euskal Herriko gehiengo zabal-zabala NATOn sartzearen aurka. Baina sartu gintuzten estatu-aginduz. Ondorioak pairatzen ari gara, modu lazgarrian eta arrisku bizian.
Estatu espainiarraren egiturak berak lotura itogarria jartzen digu euskal herritarroi. Demokraziaren oinarria, nahitaez, euskaldunon burujabetza izan behar da. Baina, tamalez, Hego Euskal Herriko alderdi abertzaleek, bai EAJk bai EH Bilduk, beraien jokabide nagusia Espainiako Estatuaren egitura itxien barruan kokatu dute. Batak zein besteak agintean den gobernu espainiarrarekin sortu dituen loturak PSOEren menpe kokatzen ditu praktikan, eta ondorioz, PSOEk jartzen ditu, Madriletik, euskal politikaren muga estrukturalak.
Hori bera gerta daiteke orain diskrezioz prestatzen ari diren operazio sekretu horretan ere. Egin dezagun aurreikuspena. Estatus berri baterako oinarrizko neurri izango lirateke bi hauek: bat, euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osorako, eta bi, Hego Euskal Herriaren batasun instituzionala. Egongo ote dira biak udazkeneko “akordio historiko” horretan? Zuek esan. Hobe izango da aurretik herritarrok burujabetzaren aldeko joko politikoan bete-betean sartzen bagara.