argia.eus
INPRIMATU
Begi zabal itxiak
Itxaro Borda 2025eko ekainaren 04a

“Hauxe titulu bitxia” erranen du aspaldian leitzen nauen ARGIAko irakurleak. Jakingo du halaber Stanley Kubrick zinegilearen azken filmaren zale amorratua naizela. Horrek hura esplika dezake. Funtsean, begiak zabal itxita begiratzen diogu munduari, bereziki Gazako zerrendan bidean den genozidioaren irudiak pantailaratzen direnean. Gure baitan halako disoziazioa sortzen da, ez dugularik gure jendetasunaren eta demagun Israelgo armadak eragiten dituen erailketa izugarrien artean loturarik egitea lortzen.

Ez du horrek erran nahi ez gaituela egoerak kolpatzen, mila puskatan abandonatzen, eratorrian, gure kontzientziaren lur huts sarraskituetan. Ezintasuna nabaritzen dugu mundu mailako buruzagiek hau guzia gertatzen uzten dutela ohartzen garenean. Palestinarrak kalitzeko “gauza” gisa hartzen dituzte, Israelen eginkizuna kritikatzea debekatua bezala da balizko antisemitismo gaztigu-mugetan. Eta, aldi berean, gerla on bat, estatu bakoitza zurkaizten duen konplexu militar-industrialarientzat aberasteko eta lanpostuak salbatzeko aukera ona da!

Zenbat balio du bizitza humano batek baldintza horietan?