Badirudi Europar Batasuna eskalada beliko betean sartu dela. Munduaren ordena geopolitikoa kolokan dabil eta Europak bertan zuen pribilegiozko lekua galtzeko arriskua ikusi du. Autonomia estrategikoaren lemapean, beste neurri askoren artean, industria armamentistikoa bultzatzeari eta bere burua armatzeari ekin dio. Nire lehenengo hausnarketa Euskal Herrian hamarkada luzeetan egindako biolentziaren inguruko diskurtso “demokratentzat” doa: “armak ezin dira inoiz irtenbidea izan” edo “ezerk ez du biolentzia justifikatzen”. Orain, aldiz, Europa osoko makinaria industrial eta ekonomikoa armak ekoiztera (eta erabiltzera) bideratu nahi dute. Zelan aldatzen diren gauzak, kamarada. Badirudi arazoa ez zela biolentzia bera, baizik eta nork gauzatzen duen biolentzia, eta batez ere, zertarako. Ukraina armatzea, ondo. Poliziak biolentzia erabiltzea kaleratze baten edo grebalari batzuen kontra, ondo.
Israel armatuta dagoen estatua da. Eta horrela jarraitzen duen bitartean, Palestinar Erresistentziak armak behar ditu. Israelek dituenak baino gehiago eta hobeak
Ezker ikuspegi batetik, Europa armatzearen aurkako diskurtsoa artikulatu da. Behar-beharrezko deritzot horretan sakontzea, baina zenbait kontu azpimarratzea komeni zaigu. Besteak beste, ezkerraren zutabe ideologiko nagusietako bat beti autodefentsa izan delako. Eta defentsa orok, ez gaitezen inozoak izan, modu bateko edo besteko armak behar ditu. Izan hitza, izan eskua, izan sua. Gaztetxe bat okupatzen duten gazteek, auzo mailan antolatzen den etxebizitza sindikatuko kideek, senarrari aurre egiten dion emakumeak, matxinatzen den herria… horiek guztiek argi dute aurrean dominazio sistemaren biolentzia izango dutela eta beraien burua defendatu beharko dutela.
Indar kontserbadore eta erreakzionarioek argi duten bezala, guk ere argi izan beharko genuke. Arazoa hemen ez da armatzea bera, baizik eta nor armatzen den eta zertarako. Historian zehar askapen mugimendu ugari egon dira, momentu jakin baten armetara jo behar izan dutenak. Argi izanda borroka armatuaren hautua beti azken aukera zutela, jakinda plano militarrean estatuen nagusitasuna ikaragarria zela eta eskalada belikoa beti indartsuenaren mesederako zela. Irteera argirik gabeko kale itsuan sartzen zirela ondo jakinda ere, herri eta iraultza askok ez dute beste aukerarik izan. Norbere burua defendatu edo desagertu, erresistitu edo suntsituak izan. Gaur egun inon baino argiago geratzen da hori Palestinan. Israelen aurkako boikota aldarrikatzen dugu, Europak Israeli armarik ez saltzea. Baina Israel armatuta dagoen estatua da. Eta horrela jarraitzen duen bitartean, Palestinar Erresistentziak armak behar ditu. Israelek dituenak baino gehiago eta hobeak. Hori edo genozidioa. Sinplea da.