Canfranc (Huesca, Espainia), 1940ko ekaina. Charles De Gaulle jenerala buru zuen Londresko Frantzia Askearen gobernuak erabaki baten berri eman zion Albert Le Lay Canfranceko nazioarteko tren geltokiko Frantziako aduanako arduradunari: bere postuan geratu behar zuen. Ez zirudien aginduak garrantzia berezirik zuenik, baina Frantziako erbesteko gobernu sortu berriaren lehen erabakietakoa izan zen, eta gerora pisu handia izango zuen.
Albert Le Lay Brest-en (Bretainia) jaio zen 1899an. Ontzigintza-eskolan sartzea zuen txikitako ametsa, baina Lehen Mundu Gerran parte hartu behar izan zuen eta, gatazka amaituta, lehorrean geratzea erabaki zuen: Aduana Zerbitzuan oposaketak atera zituen 1921ean. Lehen lana Charlevillen eman zioten, Frantzia eta Belgikaren arteko mugan, baina berehala, 1923an Hendaiako tren geltokira bidali zuten. Hantxe egon zen zortzi urtez, 1931 arte, eta Frantzia eta Espainiako estatuetako muga sakon ezagutzea ederki aprobetxatuko zuen aurrerago. Hendaiatik Brest jaioterrira joan zen orduan, eta, handik Parisera, nazioarteko harremanetako goi funtzionario gisa.
Canfranc-en garrantzia
1940an destinatu zuten Canfrancera. 1936ko Gerran Pirinioetako pasabide horretako trafikoa eten egin zen eta, inauguratzean “Espainiaren Europarako atetzat” jo zutena, abandonatuta utzi zuten diktadura jaioberriek. Baina Parisko gobernuak gogoan zuen Lehen Mundu Gerran Pirinioetako pasabideek garrantzi handia izan zutela, eta nazioarteko tren-geltokia berriro martxan jartzeko enkargua egin zioten Le Layri, 1940ko hasieran.
Ez dakigu naziengandik ihesian zebiltzan zenbat pertsona salbatu zituen Le Layren sareak, baina, nahiz eta datu zehatzik ez izan, milaka izan zirela diote zenbait iturrik
Hilabete batzuk geroago erbesteko gobernutik jaso zuen agindua ederki bete zuen: itxuraz, bere postuari eutsi zion Petain mariskalaren agindupean, baina ezkutuan Londresko gobernuarentzat eta Erresistentziarentzat espioitza, trafiko eta lotura lanetan arituko zen. Mugaz bi aldeetako herritarren laguntzaz, 1941etik 1943a arte jardungo zuen sarea antolatu zuen; sare haren bidez, materiala, dokumentuak, dirua eta, batez ere, pertsonak mugaren alde batetik bestera pasa zituzten. Ez dakigu naziengandik ihesian zebiltzan zenbat pertsona salbatu zituen sareak, baina, nahiz eta datu zehatzik ez izan, milaka izan zirela diote zenbait iturrik.
1943an Gestapok bretoiaren jardueren berri izan zuen eta atxilotu egin zuen. Baina Le Layek ihes egitea lortu zuen eta gerra amaitu bitartean Frantzia Askeko armadarekin bat egin zuen.
Ez zuen aitortzarik nahi
Gerra amaitzean, bere zerbitzuengatik eskaini zizkioten kargu eta ohore guztiei muzin egin zien. Gainera, senitartekoei espreski eskatu zien urte haietako jarduerei buruz ez hitz egiteko; isiltasuna Victor Fairen fisika katedradunak, Le Layren bilobak hautsi zuen duela urte batzuk eta horri esker dakigu bretoiaren lan eskergaren berri.
Albert Le Layk ez zuen ezer ere eskatu egindako lanaren eta bere bizia arriskatzearen truke. Parisen eskaini ziotenari uko egin eta Canfrancera itzuli zen eta geltokian jardun zuen lanean 1957. urtera arte
Baina Albert Le Layk ez zuen aitortzarik nahi, ez zuen ezer ere eskatu egindako lanaren eta bere bizia arriskatzearen truke. Parisen eskaini ziotenari uko egin eta Canfrancera itzuli zen eta geltokian jardun zuen lanean 1957. urtera arte. Erabakia Canfranceko herritarrekiko leialtasunez eta esker onez hartu zuela esan zien senideei. Berarentzat nahi ez zuen aitortza egin nahi zien inguruko biztanleei, gatazka urteetan besteei laguntzeko hartu zituzten arriskuak eskertzeko.
Donibane Lohizunen hartu zuen erretiroa, eta han bizi izan zen Lucienne Tholomé emaztearekin, 1988an hil zen arte.