XAK
Xak
Mukuru, 2025
---------------------------------------------------------------
Entzun baduzu eta ez bazaizu sobera sartu, esango nizuke: entzun berriro. Nire urteko disko kutunena izango dena egin berri du Paxkal Irigoyen baxenabartarrak, oraingo honetan, XAK izenpean. Eta egin kasu, antzekoa idatzi baikenuen 2021ean Bloñ bere proiektuaz, eta orain ari dira ari, sari eta areto bete.
Badirudi artista multiinstrumentista honek izena sartu duela kutxa batean, eta nahastu, eta hortik atera diren letrekin osatutako izen berria dela XAK. Musikarekin antzekoa egin ohi du Paxkalek: ideia, doinu eta estiloak sartu kutxa batean, nahastu eta hamaika kolore marraztu. Eta a ze kantu ederrak!
Paxkalek beti du buruan entzun ez duzun zerbait entzunaraztea. Belarrientzako formula errazenei iskin egin, eta bueltaxka bat gehiago ematen die kantuei, doinuei eta konponketei, usadio eta konbentzioei ihes egiten. Molde batean ere ez da sartuko, gauzarik txikienetik hasita: “Batzuetan neguan, ez dut orena aldatzen”.
Arrarokeriari lekua egiten dio Paxkalek ahal duen guztietan, baina oraingoan, inoiz egin duen disko politena egitea bilatu duela esango nuke. Politena zentzu estetikoan. Nola den posible moldetik ihes egin eta zerbait pausatu eta polita egitea? Hori Paxkalen magia.
Zeren hau ez da disko bat. Paxkalen unibertsora sartzeko gonbidapen bat da. Lehenengo entzunaldian lortu ez baduzu, joan berriro. Mundu aberats baterako sarbidea da Paxkal, eta gero eta gehiago bidaiatzen utzi, gero eta urrunago egingo duzu hegan.
Lasako Markotx Iribarnek honakoa esan san zuen Leire alabaren hiletan: “Izarrak mugitzen ikustean, kontzertu bat ematen ari zarela jakingo dugu”. XAKen negua eta izarrak presente daude, eta ezinezkoa da ez ulertzea disko hau doluaren zaporetik. Minetik edertasuna marraztu duen diskoa da XAK, eta bihotzari atximur iraunkorraz gain, etorkizun eder bat proposatzen du, ahaztu gabe bizitakoak, geure alboan egon direnak. Ze zortekoak Leire ezagutu genuenak.
Zauriak sendatu, suak piztu ditu mendietan Paxkalek –eta lagun garaztarrek–, “gauaren ilunean argi dezaten zerua”. Eta helburu eta aitortza: “Zu ziren lekutik ikus ditzazun, jakin dezazun, / Oraindik zure beha nizala oroitzapenetan”.