argia.eus
INPRIMATU
Utopia akuilu
Amaia Alvarez Uria 2025eko maiatzaren 29a

Amaieratik hasi. Euskal feminismoa, aldaketarako paradigma
Naia Torrealdai Mandaluniz
Txalaparta, 2025

-----------------------------------------------------------

Naia Torrealdai Mandalunizek Amaieratik hasi. Euskal feminismoa, aldaketarako paradigma saiakera argitaratu du Iratzar eta Txalapartaren Iparrorratza bilduman.

Ehun orrialdetan “euskal feminismoa” kokatu du, egungo egoeraren argazkia egin eta hurrengo urteetarako agenda zirriborratu. Kakotxen artean ipini dugu testu honen ikergaia batzuetan Euskal Herriko Bilgune Feministari buruz ari delako –hortik hitz egiten du eta hari hitz egiten dio– eta beste batzuetan Euskal Herriko Mugimendu Feministari buruz (hori da bere testuinguru hurbila, ezker abertzalearekin batera).  

Egileak genealogiak aipatzen ditu eta bere burua horrela aurkezten du: “2010etik aurrera mugimendu feministan sartu garen guztiok (…) esperientzia askotarikoetan oinarritutako borroken inguruko teorizazio garrantzitsuen osteko feminismoa bizi izan dugu”. Baina ez du asko sakontzen aurrekarietan. 

Intersekzionalitatea ere aipatzen du, bere argi eta ilunekin, eta “lekuan lekukoa eta unean unekoa” izan behar dela dio. Horren harira, feminismoaren “barne-tentsioak” dakartza eta “erronka nagusia da zapalkuntza askotarikoak bilduko dituen feminismo bat lortzea”, ondorioztatzen du.

Aliantzak beharrezkoak direla defendatzen du. Horregatik, bi dira azpimarratu dituen korapiloak: emakumea + langilea kategoriak eta zuri + euskal izaerak. Batetik, feminismoak eta marxismoak elkar elikatu behar dutela; bestetik, pribilegioak eta eskubideak bereizi eta eskubide kolektibo eta unibertsalen borroka abiarazi behar dela.

Gehien interesatu zaidana izan da euskararen eta euskal kulturaren auzian nola posizionatu den. Bere ustez, mugimendu feminista “eztabaida eta kontradikzio marko bezala ulertu behar da”. Horrela zehazten du: “entitate kolonialisten parte izan gara, baina inperialismoaren albo-kalte ere bai”. Era berean,  azaldu du euskal identitatea ez dela pribilegioa edo hegemonikoa, zuritasuna bai, ordea.

Eraldaketa soziopolitikorako utopia, abangoardia, ahizpatasuna eta komunitatea kontzeptuak berreskuratu ditu, besteak beste. Lehenak izenburua erditu du. Bigarrena, solaskide independentistak gogoan aipatzen du. Ahizpatasuna eta komunitatea dira, agian, egun, Euskal Herriko Mugimendu Feministan gehien landu beharrekoak.