argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Sabotaje algoritmikoa
Diana Franco Eguren 2025eko maiatzaren 28a

Informazio sareetan murgilduta, aktibismo digitalaren inguruan zenbait informaziora heldu naiz. Aktibista digitaletan pentsatzen dudanean, antolaketa moduetan ere pentsatzen dut, denok ez diegu-eta arazoei berdin heltzen. Batzuek aktibismo digitalari komunikazioatik heltzen diote, beste batzuek ezagutza komunitateak sortzen dituzte, eta badira ere tresna eta azpiegituretan eragitea bilatzen dutenak, besteak beste.

Palestinako aktibismo digital foroa izan berri da. Honako gaiak landu dira: zelan lortzen dute algorimoek dugun mundu ikuskerari forma ematea? Zer geratzen da isildua? Zelan sortzen da bazterkeria adimen artifizial sistemetan? Eta zelan erantzun dezakegu, desinformazioa erabiltzen denean gezurrak kontatzeko edota gizagabetzeko?

Beharbada, Palestinako herriarekiko gurean dugun jarrera zabalduena da genozidioa egiten ari direla. Israel fanatiko psikopata talde batek gidaturiko herria dela, Palestinako aberastasuna bereganatzeko zekenkeriak gidatua, palestinarrak gizagabetu dituen talde zitala.

Baina ez da horrela mundu guztian, kontakizunak oso ezberdinak dira adibidez Amerikako Estatu Batuetan. Eta herri horretan zelataritzaren praktika gailendu da gobernuaren aldetik. Ugazabaren tresnek ez dute inoiz nagusiaren etxea desmuntatuko esaldiari tiraka, AEBetara loturiko tresna digitalak ez erabiltzeko praktika zabaltzen hasia da herri hartan, eta ezagutza zabaltzeko, alternatibak eskaintzeko zerrendak sortzen hasi dira, adibidez honakoa.

Adimen artifizilak kontakizunetan eragiteko duen ahalmena eragozteko, tresna alternatiboak erabiltzeaz gain, adimen artifiziala sabotatzeko tresna zerrendak ere agertzen ari dira, adibidez, Algorithmic Sabotage Research Group (ASRG) taldeak sorturikoa. Euren hitzetan, “egun gizatasunarentzat kaltegarriak diren praktika algorimikoen kontra egiteko eta dugun eredu digitala berrirudikatzeko beharrezkoak diren tresnak”.