Ez naiz oso konspirazio zalea. Eta are gutxiago naiz konspirazio zaleen zalea. Baina badago bat, hasieran sinesgogor harrapatu baninduen ere, luze gabe konbentzitu egingo nauena azkenean. Ikusiko zenuten zuen sare sozial gogokoenean bueltaka: Mercadona konspirazioa.
Konspirazioaren teoria horren arabera, aspalditik ohiko erosleak diren zenbait lagun errekrutatzen ari da enpresa valentziarra, eta proposamena onartzen duten kontsumitzaileek kontratu bat sinatu behar dute, isilpeko klausula eta guzti; hau da, inork ezin du jakin kontratatuta daudela. Haien funtzioa oso sinplea da: Mercadonako produktuak promozionatu behar dituzte jendartean, ahalik eta modurik sotilenean –ez dute beti asmatzen, dena esan behar bada–, eta ingurukoen kontsumo-ohituretan eragiten ahalegindu behar dute nola edo hala.
Kosmetikoekin duela hogei bat urte hasi omen zuten proba pilotua dozenaka lagun ezkuturekin –zuzendaritza-taldeko kideen inguruko jendea aritu zen lantegi horretan, batez ere–, Roig jaunaren supermerkatuek Hego Euskal Herrian lur hartu baino lehenago. Ondoren etorri ziren paellak, patata-tortillak, hummusak, gyozak eta txokolatezko mousseak. Azken produktu izarra kefirra da, adi egon inguruko norbaitek gaia erdi disimuluan ateratzen badu ere.
Mercadonako produktuak promozionatu behar dituzte, ahalik eta modurik sotilenean, eta ingurukoen kontsumo-ohituretan eragiten ahalegindu behar dute
Nire sare sozial gogokoenean irakurritako txosten (sic) baten arabera, Mercadonak Espainiako Estatuan 15.000 lagun ezkuturen langa gainditu omen zuen 2024an. Trukean, dirudienez, %40ra bitarteko deskontuak lortzen dituzte zenbait produktutan, eta iraungitzear dauden salgaiak doan eramateko aukera ematen diete.
Konspiratzaile batzuk harago joan dira. Gutxi batzuen ustez, Mercadonaren kontrako kanpainak ere Roig jaunak berak sustatu eta diruztatzen ditu, horien ondoren beti hain ondo funtzionatzen duen jarrera biktimista elikatzeko asmoz. Salvados saioak 2017 urrun hartan eskainitako erreportaje kritikoa marko horretan kokatuko litzateke, besteak beste. Baina, esan bezala, erradikalenen usteak dira horiek. Tira, sinesberenenak. Dena sinetsi ez baina edozer sinesten dutenen kategoria da hori, beste hark esan zuen bezala.
Konspirazioaren teoriatzat baino, konspirazioaren hipotesitzat joko dut oraingoz, baina gero eta indar handiagoa hartzen ari den hipotesia, inondik ere, ingurura begiratuta gero eta susmagarri gehiago ditut eta.