Bilboko hooligan inbasioari buruz idatz nezakeen, baina herri txiki batean bizi naiz ni eta ez dut sufritu. Euskaraldiari buruz idatz nezakeen, eskerrak emateko euskarari bizkarra ez ematen lagundu gaituzuenoi, baina ez da hori gorputzak eskatzen didana.
Egunak daramatzat gai bila; badirudi errepikatzea porrota dela asteroko zutabegilearentzat. Agian errepikapena da behar duguna. Errepikatu behar dugu genozidio baten lekuko garela. GENOZIDIOA. Sonar jaialdiko komunikazio arduradunek saihestu duten hitza; “katastrofe humanitarioa” esapidea baliatu dute, eragilea tanta hotza bezalako fenomeno bat izango balitz bezala, eta ez ISRAEL.
Hori izan daiteke nobedadea, zutabe hau berrizteko albistea: El Salto hedabideari esker jakin dugu KKR funtsak, Israelen aldekoak, erosi dituela Espainiako Estatuko festibal mordoa, tartean Viña Rock eta Sónar bera. Fermin Muguruza bezalako artistek iragarri dute ez dutela parte hartuko, eta baten batek, erabaki hori ez hartzea justifikatzeko “kantzelazio-kulturan” kokatu du boikot kanpaina (emakumea da, katalana, eta nire burbuila feministan oso estimatua).
Bitartean, Gazan: “Israelgo Armadak Alaa Al-Najjar doktorearen hamar seme-alabetatik bederatzi hil ditu asteburuan, bere etxean. Zaharrenak 12 urte zituen. Ospitalean lanean ari zen, eta hara iritsi ziren gorpuak eta zauritutako lagunak, besteak beste, senarra eta bizirik atera zen haur bakarra”. Olga Rodríguez kazetariaren aipua da, eldiario.es-eko bere azken artikulukoa. Izenburua: “Ronda cosmética en la UE para salvaguardar la imagen ante el genocidio en Gaza” [Erronda kosmetikoa EBn Gazako genozidioaren aurrean irudia babesteko]
Barkatuko didazue, baina ezin dut gaia aldatu. Ezin dugu gaia aldatu.
*
Post-data: Layli Colorado izeneko emakume beltz eta migratu batek eraso poliziala jasan du Valentzian, bere hiru umeen aurrean, identifikazio arbitrario bati uko egiteagatik.
Bigarren post-data: Abdoulie Bah izeneko gazte bat hil du Espainiako Poliziak Kanaria Handiko aireportuan, eta Gobernuaren delegatuak babesa adierazi die poliziei.
Barkatuko didazue, baina gai hori ere errepikatu behar dut, tamalez.