Hazparnen idekiko da –hau publikatzean ez bada jadanik egina– liburu denda berria. Et’abar deituko da. Denda tipia izanen da, euskarazko publikazioen eskaintza ukanen duena. Ez da Ipar Euskal Herri barnealdean bakarrik arituko. Hain zuzen ere, azken lau urteetan Ortzaizeko Menta dendak kultur eskaintza hedatzen du bere eskualdean barna.
Luzaz, euskal kultura kontsumitu nahi zuenak Baionara joan behar zuen. Prentsa bulego gutxi batzuen eskaintza tipi eta isolatuaz aparte ez baitzen saltegi bereziturik, edo iraunkorrik, edo molde zabalean horniturik, ez irakurleak aholkatzeko zerbitzurik zuenik, Baionatik harago.
Beraz, denda horien idekitzearen berriak poza eragiten du, agertzen baitu denda-buruen kuraia, baita azken urteetako joera zein den ere, bai publikazioen formatuari doakionez, bai irakurzaletasunari doakionez.
Azken urteetan, liburua produktu ezin saldutzat eman da, eta maiz aipatu da formatu numerikoak eta liburu digitalak papera akabatuko dutela. Bestalde, azpimarratu ohi da gaurko egunean irakurlerik ez dela, eta horretaz inkestek eta saltegietako arduradunek zenbaki larriak aitzinatu izan dituzte.
Paperezko liburu batek ez du datu pribaturik zelatatuko eta ez deus salatuko irakurleari buruz. Liburu bakoitzak du bere ukipen sentsazio berezia: leunagoa, finagoa, latzagoa
Alta, Frantziako Estatuko adibidea hartuz, urte hasieran publikatu neurketa baten ondorioek diotenez, liburu digitalak hazten ari dira, baina marjinalak izaten jarraitzen dute, Frantziako argitaletxeen diru-sarreren %10 baitira. Alderatzeko, Amerikako Estatu Batuetan, merkatuaren %20 ordezkatzen dute. Zergatik? Frantzian, hasteko, argitaletxeek ez dutelako inoiz norabide digital argia hartu, eta, bestalde, maiz prezio altuak praktikatzen dituztelako. Beraz, trantsizioa ez da pentsatu bezain laster eta molde indartsuan gertatu eta merkatu segurua da, beraz, paperezko liburuena oraindik ere. Gainera, galdekatuen gehienek nahiago dituzte "egiazko" liburuak. Irakurle kopuruen inguruko datuei doakienez, goranzko joera agertzen dute: %86k irakurle gisa azaltzen du bere burua (irakurle handi, ertain nahiz tipi).
Nihaur, duela hamar bat urte, konbentzitua nintzen liburuen bertsio numerikoak sekulako ateak idekiko zizkigula, batetik, sorkuntza eta jakintzaren truke eta zabalpena erraztuko zuelako, eta bestetik, paperaren presentzia murriztuko zuelako. Alta, aitortzen dut, gaur egun, segitzen dudala paperezko euskarriak erosten, agian duela hamar urte bezainbat. Eta badirudi joera orokorra dela.
Dena den, irakurle edo irakurle potentzial, gogoan izan ezazu arrazoi anitz direla denda berri horietara joateko eta paperezko liburuari atxikiak egoteko. Ez dute bateria edo eguneraketa arazorik. Horrez gain, ez da arazorik mugaren alde batean zein bestean eskuratu ahal izateko, ez baita plataforma eta ordainketa mugarik. Elkartrukatzeko erraza da, ez da Cloud batean kokaturik egoten. Liburu bat hamargarren solairutik erortzen bada ere, ez da apurtzen: esperientziak frogatu du. Paperezko liburu batek ez du datu pribaturik zelatatuko eta ez deus salatuko irakurleari buruz. Liburu bakoitzak du bere ukipen sentsazio berezia: bata leunagoa, bestea finagoa, bestea latzagoa. Liburu bakoitzak du bere usaina, tintarena, etxeko apaletakoa, prestatu dizun kidearena. Itzalaldi bat gertatuz gero, liburuak eskura egon daitezke eta itzalguneak iraunen balu, papera balia daiteke berotzeko. Arma inprobisatua bilaka daiteke, adibidez, lapur bat zanpez lokartzeko.
Bide luzea egin beza, beraz, paperezko liburuak, eta beste hainbesteko bide ederra egin bezate liburu dendek.