argia.eus
INPRIMATU
Hitzik gabe
Gorka Intxausti Aranguren 2025eko maiatzaren 29a
Laida Zapre

AZETangana! eta Mark Duti
Non: Tira IV jaialdia, Gasteizko Korda espazioan eta Gaztetxean.
Noiz: maiatzaren 10ean.

-----------------------------------------------------------
 
Etxebizitza eta elikadura egituren aldeko Tira jaialdiaren laugarren edizioa dugu gaur Gasteizko Alde Zaharrean, eta bakarren batzuk goizeko 10:00etan elkartu gara Korda espazio autogestionatuan, hura atondu eta musika-ekipoa muntatzeko. Eguna luzea izango dela badakigu, eta nagikeria puntua ageri dugu bisaietan. Azken estres-kolpearen eraginez, ez dugu lasai lo egiteko tarterik izan bart. Gainera, eguraldiaren aurreikuspena tarteko, zail da jakiten gauzak ondo ala gaizki irtengo diren. Eskerrak terapiari. Behintzat, ikasi dugu beldurrari kontra egin ordez, eskutik heldu eta bidea harekin batera egiten.
 
Eskaintza politikoaren ondotik –herri-egiturei buruzko mahai-ingurua– iritsi da musikaren eta muralgintzaren ordua, desalojo arriskuan den arren, oraindik herriarena den espazio honetan. AZETangana! aritu da biniloak pintxatzen auzokideek pareta pintatu duten artean. Jendea eta brotxak dantzan, aspaldiko zein gaur egungo punkaren, rockaren, postpunkaren eta abarren erritmoan. Hormako eta hormaren ondoko kolore nahasketak are ederragoa dirudi eguzkitan.

Goizekoak bukatuta, Auzolana frontoian jende andana bildu gara bazkaltzen; batzuek ez dugu tarte handirik izan  hizketarako, alta, bostetan gaztetxean baikenuen hitzordua Mark Dutikoekin. Hurrengo hiru orduak, kable, mahai, plater eta kutxen joan-etorri kaotikoa.

Arratsaldeko kalejira bukatu bezain laster, berriz ere musika erdigunera. Goizean bezalatsu, kontzertu aurreko beroketa saioari ere Bilboko kuadrillak jarri dizkio notak. Bidenabar, erakutsi dute erregistro batean baino gehiagotan aritzen direla gustura. Jendea oraintxe iritsi da, eta gaztetxea dantzan ari da dagoeneko.

Gaueko hamarrak jo berri oholtzaratu dira Martin, Mala eta Verdu muinoko etxeko taulara. Haien izenetatik eratorria da Mark Dutirena, eta azken horri gertatutako pasarteen soinu-banda da haien musika. Hiru kanta baino ez dituzte –luzeak, noski; bi abesti eta 38 minutuko diskoa kaleratu zuten iaz, pentsa–, baina lehen akordetik erakarri du entzuleen arreta haien stoner eta post-rock ukitudun rock progresiboak. Batek baino gehiagok atera du poltsikotik gitarra ikusezina; bat baino gehiago egon da ordubetez hemen ez den beste lekuren batean, begirik kliskatu ere egin gabe, haiei so.

Spoiler: instrumentala da. Ez da kantatzeko kontzertu bat. Entzuteko eta dantzatzeko kontzertua da hau, eta esango nuke, goian eta behean, bietan asko gozatu dugula. Agian xehetasun horrek ilustra lezake beste ezerk baino hobeto gaur egun osoan zerk elkartu gaituen. Beste esfera batzuetan etsairik handienak ere hitz bertsuekin mintzo diren arren, ahotsik izan ohi ez duten herri-egituretan sarri ez da hizkuntza berean hitz egin beharrik ere izaten norbaitek eutsiko zaituela jakiteko.