Etxea euskal ohitura zaharretan hildakoen eta bizirik zeudenen espazioa zen. Hilda jaiotzen ziren umeak edo bataiatu aurretik hildakoak kanpoko horma baten ondoan lurperatzen ziren, teilatuaren babesean. Abizenak ere etxe bati lotuta zeuden, etxeak ematen zion izena bertan bizi zenari. Etxe horrek berorrek espazioa ere bazuen elizan, eta antzina leku horretan hilobiratzen ziren etxeko defuntuak. Ez zen “nire” etxea, gurea baino.
Aspaldiko kontuak dira horiek. Orain “nire” da adjektibo posesiboa. “Gure” gutxiago. Dena den, kasu askotan posesio gutxi, eta bizitzeko lekurik ez.
Etxebizitza duin eta egokiaz disfrutatzeko eskubidea aitortzen du espainiar konstituzioak, eta Frantziako Estatuan oinarrizko eskubidea da. Paperezko eskubideak, askotan. Gero eta pertsona gehiagok kalea dutelako bizileku, eta beste askok duintasun eta egokitasun gabeko bizitokian bizirauten dutelako.
Ez da inoiz erraza izan, antzina ere errenteroek gorriak ikusten zituzten alokairua ordaintzeko santomasen bueltan (pagatze egunean). Orain ere makina bat ezinean dabiltza, abusuzko alokairuak direla eta.
Etxea lehentasuna, noizko?