argia.eus
INPRIMATU
Erregeen sukaldaria eta sukaldarien erregea
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2025eko maiatzaren 28a
Marie-Antoine Carême sukaldari ezaguna du protagonista izen bereko telesail berriak. Argazkia: APPLE TV+
Marie-Antoine Carême sukaldari ezaguna du protagonista izen bereko telesail berriak. Argazkia: APPLE TV+

Saint-Cloud (Frantzia), 1810eko apirilaren 1a. Napoleon enperadorea Maria Luisa Austriakoarekin ezkondu zen, eta eztei-tarta ikusgarria Marie-Antoine Carême (1784-1833) sukaldari ospetsuak egin zuen.  

Baina Carême gorteko luxuetatik urrun jaio zen, Pariseko auzune txiro batean eta txabola xume bat partekatu behar zuen gurasoekin eta hamalau anai-arrebekin. 1792an, zortzi urte zituela, Frantziako Iraultzaren Izualdiarekin batera hasi zen mutikoaren izualdia; gurasoek, familia mantendu ezinik, Antonin –hala esaten zioten– Parisko atari batean abandonatu zuten zaku bat eta txanpon gutxi batzuekin. Hainbat egunez errai ibili ondoren, jatetxe merke batean hartu omen zuten eta han hasi zen lanean aterpe eta janariaren truke. Biografia berrienek mitoa elikatzeko kontakizun puztua dela diote, eta, ziurrenik, gurasoek zuzenean negoziatu zutela mutikoaren “kontratazioa”. Baina kontua da, bere dohainak medio, urte gutxitan gora egin zuela sukaldaritzan. Askok historiako lehen chef ospetsutzat daukate, egungo sukaldari famatu eta mediatikoen aitzindaritzat.

Bera baino askoz lehenago bazeuden sukaldari nabarmenak, Guillaume Tirel, esaterako. XIV. mendean Frantziako errege-erreginentzat aritu zen eta sukaldaritza-liburu bat ere idatzi zuen. Sukaldari ezagun eta bikaina zen, baina ez zuen Carêmeren eraginik izan.

Carêmek berak soilik gorteetan egin zuen lan. Napoleonez gain, Alexandro I.a tsarra, Charles Tayllerand, Jurgi IV.a Ingalaterrakoa edo Rothschild baroia izan zituen bezero. Eta, zenbaiten ustez, harreman horiek sukaldaritzatik kanpo ere eragiteko erabili omen zituen

Paul Freedman historialariaren hitzetan, “egun oraindik indarrean dagoen sukaldeko funtzionamendua ezarri zuen”. Horrez gain, plateren, saltsen eta hornigaien konbinazio egokienak definitu zituen. Eta jakinduria hori guztia hainbat liburutan jaso zuen. Fremanek dioenez, “ez zeukan jatetxerik eta ez zuen herritarrekin harreman zuzenik; bere sukaldaritza-liburu ugariak ere ez zeuden zaleei zuzenduta, beste chef batzuei baizik”. Eta horri esker, Nathalie Cooke historialariaren ustez “chef belaunaldi berriak trebatzen ari zen, publiko zabalagoarentzat lan egingo zuten sukaldariak”.

Baina Carêmek berak soilik gorteetan egin zuen lan. Napoleonez gain, Alexandro I.a tsarra, Charles Tayllerand, Jurgi IV.a Ingalaterrakoa edo Rothschild baroia izan zituen bezero. Eta, zenbaiten ustez, harreman horiek sukaldaritzatik kanpo ere eragiteko erabili omen zituen. Esaterako, estreinatu berri den Carême telesailean sukaldaria espioitzan aritu zela kontatzen da. Baina historialari gehienek telesailaren argumentua korapilatzeko baliabide hutsa dela uste dute, eta Martin Bourboulon telesailaren zuzendariak ere lizentzia hori hartu izana aitortzen du. Bere ustez Carêmek ez zeukan espioitzaren beharrik eragina izateko, “bere sukaldeko jarduna nahikoa baitzen botere erakustaldia egiteko”. Telesailean Carêmeren rola jokatu duen Benjamin Voisin aktoreak, aldiz, beste modu batera adierazi du sukaldariaren garrantzia: “Gaur egun 100 milioi ikustaldi izango lituzke TikToken”.