argia.eus
INPRIMATU
Eragozpenak errepidean
Naroa Elortza Gorrotxategi 2025eko maiatzaren 28a

Pasa den asteko berria dugu: Irunen 67 urteko garraiolari bat hil zen, kamioia kargatzen ari zela. Errepidean izan balitz, “eragozpenak errepidean” entzungo genuke; ondoren, baxu antzean, “kamioilari bat hil da istripuan”. Gipuzkoa aldean trena hartzea ezinezko misioa bihurtu den honetan, laneko erlojuaren tiranian bizi diren milaka langile hasperen egiten imajinatu ditut: “Berriz ere N-1 errepidea kolapsatuta!”.

Kamioilariek ez dute arriskatzen beraien bizitza plazer hutsagatik. Denbora aurrezteko plastikozko ur botiletan egiten dute pixa, dirua aurrezteko kamioian egiten dute lo, ez dago ganorazko otordurik. Akaso, lotara joan aurretik tragoxka bat

“Lan istripua” beharrean “errepideko ezbeharra” moduan izendatzea krudela da. Izan ere, errepideetan gurutzatzen edota aurreratzen ditugun kamioitzar horietako bakoitzak drama bat ezkutatzen du. Luzaroan ikusi gabeko familia, azpikontrata baten azpikontrata batek azpikontratatutako autonomoa, paperak justu-justuan dituena, dirua aurrezteko gurpilak gasta-gasta eginda bidaiatzen duena, nagusiak esandako ordutegiak bete ahal izateko manipulatutako takografoa duena, abiadura mugatzeko gailua desaktibatu duena... Kamioilariek ez dute arriskatzen beraien bizitza plazer hutsagatik. Denbora aurrezteko plastikozko ur botiletan egiten dute pixa, dirua aurrezteko kamioian egiten dute lo, ez dago ganorazko otordurik. Akaso, lotara joan aurretik tragoxka bat.

Garraiolarien lan-istripu hilgarrien zerrendara jo dut informazio bila: 2021etik hona, 43 garraiolari hil dira (gutxienez). 2025ean, 8. In-itinere gehienak, baita ibilgailuak harrapatuta edota, Irungoa bezala, kamioia kargatzeko lanetan ere. Garraio enpresa handien biltegietan ere gero eta okerragoa da egoera. Prekaritatea kanpoan eta barruan.  

Sindikalizatzeko eta antolatzeko sektore oso konplikatua da garraiolariena. Akaso, sindikatura afiliatzeaz gain, kontsumitzaile eta gidari gisa has gintezke banatzaile eta garraiolariei begirunez begiratzen. Amazon, Dachser, DHL, SEUR edo beste edozein marken atzean miseria ezkutatzen delako.