argia.eus
INPRIMATU
Baliabide publikoen kontrola
Mikel Zurbano 2025eko maiatzaren 28a

Trumpen muga zergen inguruko neurri ero bezain erratikoek ekarri dute Europako Batasuneko herrialde ugarik sektore eta enpresa kaltetuentzat dirulaguntzak bideratzea. Esate baterako, muga zergen gerrak kaltetutako enpresen aldeko14 mila milioi euroko plana onartu berri du Madrileko gobernu zentralak. Gasteizko gobernuak ere 450 milioi euroko dirulaguntzak jarriko ditu epe laburrean muga zerga berriek kaltetu dituen enpresak babestu eta sustatzeko. Nafarroako Gobernuak ere laguntza gehiago iragarri ditu xede bera gauzatzeko.

Larrialdi egoeran dirulaguntza publikoen erabilera zilegi eta, areago, komenigarria ere izan daiteke interes orokorraren ikuspegitik. Horrela da, baita ere, etekin pribatua gehitzeko asmoa duen enpresa pribatua denean onuraduna. Ekonomi politika eta, zehazki, industri politika egokiak garatzea ezinezkoa litzateke gastu publikoa tresna gisa erabili gabe.

Nolanahi ere, zalantzakorrak dira gobernuek mugitzen duten baliabide publikoen norakoa eta onura komunerako funtzioa. Dirulaguntza publikoak esleitzeko finkatzen diren irizpide eta helburuak funtsezkoak dira gobernantza zuzen eta demokratikoa garatzeko.  Bestalde, enpresa onuradunek dirulaguntza publikoak jasotzeagatik nolabaiteko betebeharra exijitzea ezinbestekoa da interes orokorraren izenean.

Baliabide publikoak eskuratzeagatik enpresek enplegua mantentzeko konpromisoa hartu beharko lukete. Eta ez edonolako enplegua, baizik eta kalitatezkoa

Enpresek, batik bat enpresa erraldoiek, baliabide publikoak eskuratu ohi dituzte beren onura pribatu soilerako. Europako Berreskuratze Fondoekin (Next Generation EU) gertatutakoak aipamena merezi du. Europako Batzordeak indarrean jarri zuen finantzazio lerro erraldoi hori kolaborazio publiko/pribatu deritzon eredupean. Errealitatean bestelako garapena izan du, baliabideak eta arriskuak sektore publikoaren ardura diren arren, fondoen kudeaketa eta jardueren mozkinak enpresa pribatuentzat bideratu dira.

Balantza oker hori saihesteko, ezinbestekoa da diru publikoa eskuratzean hartzaileak trukean baldintza batzuk betetzea. Europako Batasunak baldintzak ezarri ohi ditu estatu partaideen laguntza politikak indarrean jartzeko garaian, Next Generation horren adibide da. Laguntzak jasotzearen truke estatuek inflazio, defizit eta zor publikoaren irizpideak bete behar izan dituzte, alde batetik, eta lan merkatuaren desarautzea eta gastu sozialaren tenkatzea dakartzaten egiturazko erreformak egitera behartuta egon dira. Baldintza horiek onartezinak dira, ondorio sozial zein ekonomiko larriak ekarri dituelako eta Europako proiektuaren joera neoliberala bistaratu duelako.

Horrelako baldintza lerroak alboratu eta bestelako bide batean aurrerapausoak emateko betekizunak justizia sozialean eta interes orokorrean oinarrituta egon beharko lirateke. Esate baterako, baliabide publikoak eskuratzeagatik enpresek enplegua mantentzeko konpromisoa hartu beharko lukete. Eta ez edonolako enplegua, baizik eta kalitatezkoa. Ezin da onartu dirulaguntza publikoak jaso eta gero plantilletan doikuntzak egitea edo lan baldintzetan narriadura gertatzea.

Beste baldintza zuzena litzateke mugatzea enpresa onuradunetako zuzendaritza taldeen edo akziodunen irabaziak. Halaber, enpresa horiek zerga ekarpen makurrak egiteak edota zerga paradisuetan kokapena izateak marra gorria izan beharko lukete. Eta baldintzatu beharko litzateke enpresen betekizuna energi eta klima trantsiziozko zein genero berdintasun planei dagokienean ere. Baliabide publikoak ez lirateke opari hutsa izan behar, alegia.