Animalia askok biziraupen estrategia gisa darabil taldearekin bat etortzea. Izaera hori mespretxatu da sarri, kolektibo asko artaldeekin parekatuz, gidatua izan behar duen izaera propiorik gabeko masa bailitzan. Baina kolektibitateak, mehatxua susmatzen duenean, badaki bere gaitasunak erabiltzen mehatxuaren aurka mobilizatzeko.
Datorren ikasturtean alaba institutura doa, eta informazio bileratxo bat egin dute gurasoontzat. Gauza asko azaldu dizkigute, haietako bi digitalizazioari lotuak: ezin dela mugikorrik erabili ikastetxean eta ikasle bakoitzari Chromebook bat maileguan emango diotela.
Gure herrian, badirudi gurasoak garenon kolektibitate honetan mugikorra ikastetxean debekatzea ulertzen joan garela pixkanaka-pixkanaka. Aldaketa hori barneratzeko gurasook ez dugu inongo ezagutza teknologikorik, merkatu ezagutzarik edo elementu abstrakturik ulertu behar izan. Argi ikusi dugu guraso eta irakasle askok ikasleen arteko bortizkeri ubikuoari loturiko dinamikak saihesteko debekatu dituztela gailuak.
Chromebooka ordea beste mundu bat da, abstraktuagoa, egin dezakeen kaltea ez da hain bistakoa, merkatu dinamikak eta digitalizazioaren funtzionamendua apur bat ezagutu behar dira egin dezakeen kaltea ulertzeko. Gainera, Chromebooka ordenagailuz mozorrotuta eskaintzen digute. Zelan hautemango du familien kolektibitateak arriskua, ez badute Google enpresaren publizitate tentakulatuaren negozioari loturiko gailua ordenagailu batetik bereizi? Gainera, zelan esan haur bati klaseko ezberdina izango dela, Chromeebooka erabiliko ez duen bakarra bada gelan? Zelan atera haurra ikastetxeak berak sortu eta sustatu duen dinamikatik?
Institutuarekin hitz egin dut eta ez dute arazorik alabak etxeko Linuxdun ordenagailua erabil dezan Chromebookaren ordez. Baina kolektibitateak ez badu argi ikusten bortizkeria algoritmikoaren mehatxua, eta ikusita ere, horri aurre egiteko modua ez badago bere esku, ez da erraza izango herri honen adimen kolektiboan eragitea Chromebookak eta Google Classroomak ikastetxeetan debekatzeko.