argia.eus
INPRIMATU
Pedagogismoa
Tere Maldonado @teremaldon 2025eko maiatzaren 21
DOM CAMPISTRON

Hezkuntzari buruzko eztabaidan, gutako batzuk erabiltzen ari garen neologismoa (uste dut horrela deitu ahal diogula) da pedagogismoa, agian azalpenik behar duena. Asmoa da pedagogiari aukera bat ematea, bi gauzak bereizita. Zientifizismoa eta zientziaren arteko bereizketan gertatzen den bezalaxe, pedagogismoa pedagogiaren gehiegikeria litzateke, hura bihurritzea eta desitxuratzea, alegia. Zoritxarrez, pedagogiaren alde bat sarritan pedagogismorantz irristatzen da. Ikus dezagun.

Pedagogiak hezkuntzaz dihardu. Hezkuntza gizarte orotan dagoen gertakaria da, baina, zertan den zehazteko orduan, gurutzatu egiten dira, ezinbestean, izan behar duenari buruzko gure uste erdi ustelak. Ondorioz, ez da erraza definizio bat adostea: hezkuntzaren deskribapen eta balorazio oso bestelakoak eta, are, kontrajarriak daude.

Hominizazioaren bide luzean, tresnak fabrikatzeko gaitasunak garrantzi handia izan zuen. Objektuak (harri, adar, hezur zakarra) erabiltzeko gaitasunetik haratago, horiek moldatzeko eta lantzeko ahalmenaz ari naiz, tresna berriak eta eraginkorragoak sortzekoaz. Eta nahita egitea, modu kontzientean eta planifikatuan, aurrez ezarritako ereduei jarraiki. Eredu horiek gurasoengandik seme-alabengana transmititu eta denboraren poderioz hobetzen joan ziren. Ezagutzaren transmisioa den heinean (kasu honetan, ezagutza teknikoak, trebeziak) hezkuntza oso antzinakoa da, beraz. Arrazoizkoa da pentsatzea balioak transmititu eta bizikidetza sustatzearen aldetik ere aspaldikoa dela. Badirudi hizkuntza artikulatuaren lehen hitzetako bat "ez" izan zitekeela, hain zuzen, kume gizatiarren gizarteratze- eta heziketa-testuinguruekin lotuta (ez zaitez horra igo, ez ezazu hori jan, ez jo arrebari... Zorioneko mugak!).

Pedagogismoak kalterik handiena pedagogiari berari egiten dio; eta hezkuntzari, jakina. Moden haize aldakor pean kokatzen ditu

Jakintza-transmisioak mami nahikoa hartu zuenean, hausnarketa-objektu bihurtu zen berez. Platonen aburuz, adibidez, berak sofistei egozten dienaren kontra, hezkuntza, eta horren barruan berariaz irakaskuntza, ez datza edukiak ontzi huts batean sartzean (ikasleen buruetan), baizik eta barruan daramatena ateratzen laguntzean (Sokrates bere maisuak esaten zuenez) edo begirada norabide egokira bideratzen laguntzean, baliotsua eta egiazkoa ikusi eta ikasi ahal izateko. Ez dakit pedagogia ote den, baina hor badago hezkuntzaren filosofia hasiberri bat. Kultura-transmisioa nola gertatzen den aztertu duten hainbat ikuspegi izan dira historian zehar, baina XIX. mendera arte ez zen pedagogia jakintza-adar autonomo gisa agertu.

Inurrietan espezializatutako biologo batek egiten duen eran (intsektuak behatu eta haien jarduteko moduak, bizi-zikloa eta abar zehatz-mehatz deskribatzen baititu), pentsa liteke pedagogoa dedikatuko litzatekeela hezi, irakatsi eta ikasten dutenek egiten dutena behatzera –irakasten eta ikasten dugunean gertatzen denaz interesatuta–, gertaera horren barneko mekanismoak agerian ipini aldera, akaso. Baina, arrazoibide zirkular bitxi batean, pedagogiaren helburua da, hezkuntza deskribatu eta ezagutzeaz gain, hezkuntza sistema aldatzea eta hobetzea… pedagogiak berak ezarritako argibideei jarraituta (Wikipedia dixit).

Egia da, pedagogia diziplina normatiboa izanik, ezin dugula ulertu hezkuntzaren zientzia gisa, halakorik ezin baita egon, hitza gehiegi bortxatu ezean. Edonola ere, pedagogismoa metodologien etengabeko aldaketa eta berrikuntzarekin tematuta dago; bere webguneek dekorazio edo moda aldizkarien itxura dute, denboraldi honetan zer jantziko den kontatzen baitigute. Pedagogismoak kalterik handiena pedagogiari berari egiten dio; eta hezkuntzari, jakina. Moden haize aldakor pean kokatzen ditu.