Marioker guztiok nola, erreferenteen egarri nintzen nerabezaroan, bisexuala nintzela onartzeko prozesuan, eta bakan batzuk topatu nituen: Skin, Skunk Anansieren kantaria (tartean ez nekien bisexuala zenik, baina radarrak funtzionatzen zidan), Lucía Etxebarriaren Beatriz y los cuerpos celestes eta Girl, interrupted filma (gaztelaniaz ikusi nuen: Inocencia interrumpida).
Azken lilura horrek ezinegona eragin zuen nire etxean. Ospitale psikiatriko bateko pazienteak ziren Winona Ryder eta Angelina Joliek gorpuztutako protagonistak. Lehenengoarekin identifikatu nintzen, seguruenik bigarrena desiratzen nuelako (Angelina Jolie ere bisexuala da, eta hori ere gerora jakin izan dut).
Nire aitaordea psikologoa da, espainolista, inperialista, matxista eta LGTBIQA+fobikoa. Filma ikusi genuenean esan zidan kezkagarria zela nire identifikazioa, kontuan hartuta Mugako Nortasunaren Nahasmendua zuen pertsona psikiatrizatu bat zela; baina tira, nigan ere ikusten zituela nahasmendu horren zantzuak. Patologizazio ariketa hori izan zen eragin zidan indarkeria mota bat, ez bakarra.
Borderline izena erabiltzen da etiketa hori izendatzeko. Nik ironikoki wonderline nintzela idatzi nuen aitaordeak agindu zidan ataza kognitibo-konduktual batean. Tartean, ez nuen kuir mugimendua ezagutzen, ez nuen lexikorik aldarrikatzeko mugak, periferiak, bazterrak, bide okerrak direla nire bizitokiak. Etxetik alde egin nuen 17 urterekin.
Seguruenik, nire aitaordeak unibertsitatean ikasi zuen bisexualitatea nahasmendu hori diagnostikatzeko sintoma bat dela; orduan bisexualitatea bera ere diagnostiko psikiatriko bat zen. Osakidetzako webgunearen arabera, Nortasunaren Aldakortasun Emozionalaren Nahasmendua izena ere erabiltzen da, eta jakin badakigu bisexualoi leporatzen zaigun ezaugarri bat (aktiBIstok aldarrikatzen duguna) aldakortasuna dela.
Egun hartan, nire aitaordeak esan zidan konbertsio terapien aldekoa zela. Sutan jarri nintzen. Nire ama isildu egin zen orduan, baina hogei urteren ondoren, eztabaida batean, argitu zidan bat zetorrela.
Milioi bat sinadura (nirea barne, espero dut zuenak ere) bildu ditu egitasmo batek Europako Batasunean konbertsio terapiak legez debekatzeko. Premiazkoa dugu, nahiz eta jarraituko dugun bizitzan aurrera egiten jakinda gure inguruko askok nahiko luketela gu sendatu edo, behintzat, zuzendu.