Bio etiketadun sagar edo tomate bat erosten dugunean, sagar edo tomateari osasungarri hitza lotzen diogu eta lurra zaintzen ari den nekazaria irudikatu dezakegu. Lurraren zaintzari jarritako mimoagatik, erosketaren prezio altua ulerkorra egiten zaigu. Sagarraren erosketak lurraldetasunaren balio gainjarria du, ekintza politiko bilakatzen da ia-ia. Bio eraikuntzarekin antzera pentsa dezakegu. Baina baliteke oraindik hurbilago egotea sagar bio bat aukeratzeko egoeratik bio eraikuntzarako erabaki egoera batean izatea baino. Etxea margotzeko bio margo bat erabiliko ote dugun sintetikoaren ordez, adibidez. Egurrezko altzari bat erosiko ote dugun edo egurraren antza duen material binilikoaren (petroliodunaren) alde egingo ote dugun, adibidez. Ohitu gara usain, akabera eta estetika sintetikoetan bizitzera, denboraren galera gutxiko materialen zahartzetara, kolore eta testura gama amaigabera, mantenurik (lanik) emango ez duten espazioetara, azkar eraikitzeko epeetara. Kontrara, energia aurrezteko sistemak edo berriztagarrien txertaketak zabalpen handia dute gurean. Poltsikoan eragiten duten inbestitze ekologikoak direlako, batik bat.