Bisita, bizipen eta hausnarketa egunak izan ditut maiatzekoak. Hor nabil, intersekzionalitatea nola gauzatu, borrokak lotu nahian, bertsolarien moduan puntu guztiak esan nahian, potorik egin gabe...
Lan egiten dudan LoRa irrati komunitariotik, Maiatzaren 1erako adierazpen askatasunari buruzko mahai ingurua antolatu genuen Palestina, Filipina eta Kurdistaneko kazetariekin. Nik, besteak beste, Euskal Herriko medioen itxiera eta jazarpen politikoa kontatu nituen. Beste behin harridura, inork gutxik baitaki ez du jakin nahi izan Euskal Herrian inposatu eta nazioartean zabaldutako diskurtsoa nola eraiki duten. Publikotik ziurtzat jotzen dute beste herrialde horietan jazarpena dagoela, baina Europan? Kolonizazioa, asimilazio politikak, okupazioa, militarizazioa, tortura... itsasoz bestaldetik hasiko balira bezala. Berriro ere ziurtapena: kolonoen narratibak dirau. Nola deseraiki?
Hamabosgarren feminizidioa Suitzan. Ni una menos taldeko txata. Salaketa egiteaz gain, autodefentsa feminista ikastaroa egingo dugu. Izen horrekin bataiatutako plazan argazkiak eta testuak zintzilikatuko ditugu. Azkenaldian gutxi irauten dute, gure ustez neo-nazi taldeek kentzen dituzte.
Aldi berean, Daniela Klette-n [aktibista eta Armada Gorriaren Frakzioko (RAF) kide ohia, 2024tik kartzelatua] elkartasun taldea ere Zürichen da. Historiaren transmisioaren garrantziaz eta bere espetxe baldintza makurrez haratago, elkartasuna antolatzearen beharraz eta horren zailtasunez aritu ginen, bera Palestinaren aldekoa baita. Honi buruz zabalago Berlineko lagun batzuekin aritu ginen. 30 urte ihesita egon ostean, Venezuelatik bueltatu berri dira K.O.M.I.T.E.E Alemaniako antolakunde klandestinoko bi kide. Afari baten bueltan kontatu ziguten egunkariek normalizatzen dituzten diskurtsoen atzeko ezker mugimenduko drama. Ez dira berriak Alemanian Ekialde Hurbileko gaiak ezkerrean sortzen dituen kontraesanak. Azken urte eta hilabeteetan, ordea, Antideutsche deiturikoen jarrera ulertezina bilakatu da eta mugimendu osoa lehertu eta zatikatu dute, antifa-tatik queerfeminismoraino.
Daviden izarra duten pegatina mugagabeak aurki daitezke kale eta tabernatan; ezker autonomoko bilgune sozialetan, berriz, “kufiya palestinarra” eramatea gaizki ikusia edo debekatua da
Antideutscheek Israelen existentzia onartzen eta babesten dute, beren burua judutarren zaintzaile izendatuta. Zor moral horrek ekartzen dituen ondorioak ignoratu, eta Israelen existentzia dudan jartzen duen oro antisemitatzat dute. Daviden izarra duten pegatina mugagabeak aurki daitezke kale eta tabernatan; ezker autonomoko bilgune sozialetan, berriz, “kufiya palestinarra” eramatea gaizki ikusia edo debekatua da. Borrokak nola lotu gogoetatzen nabilen bitartean, beste batzuek ez dute arazorik antifaxismoa eta proiektu kolonial bat bateratzeko.
Artikulua borobildu nahian, buruari kea darion bitartean, Iratxe Sorzabalen tortura aitorpenaren berri jaso dut. Emozio pila sortu dizkit, aurreko gogoetatik atera arazi. Bagenekiena, ozen esan eta salatu duguna, onartzeko pausoa eman du epaitegi espainiar batek. Beraz, bere amaz, alabaz, ingurukoez, espetxeko kideez, torturatuez eta bereziki emakume torturatu guztiez gogoratu naiz. Baita Iratxek idatzitako hitzez ere:
Biluztu zintuzten, biluztu ninduten/ Jipoitu zintuzten, jipoitu ninduten/ Bortxatu zintuzten, bortxatu ninduten/ Elektrodoekin erre ziguten gorputz azala/ Plastikozko poltsa batekin irato gintuzten/ Baina bizirik gaude eta aske gara/ Aitortu zaituzte. Aitortu naute. Aitortu gaituzte.