Oliver Laxe-k esan zidan behin enpatiari eustea dela zuzenena bizitza honetan. Zauritutako jendeak hunkitzen duela, eta jakin-min handia sorrarazten diola; eta hori dela, hain zuzen ere, gehien gustatzen zaion gauzetako bat: bere buruari galdetzea zergatik hunkitu duen horri buruz, pertsona horiek psikologikoki eta espiritualki aztertzea, haien zauriak aztertzea. Jende hautsiak erakartzen zuela aitortu zidan, bihotzeko pitzaduretatik argia pasatzen delako eta polita delako haien baitan sortzen den eztabaida. Kontatu zidan Parisen jaio zela, gurasoak Galiziatik joan zirelako hara, eta ikasturte batean eskolaz aldatu zutela, eskola espainiar batera, eta ez zuenez ezer ulertzen izugarri sufritu zuela. Frantzian etorkina zela eta Galizian frantsesa. Federico García Lorca zen eskolaren izena, deigarria egin zitzaidan izena. Ankerra da bizitza batzuetan. Sufritu ez dezagun nahi dute maite gaituztenek, baina haien erabakiekin min ematen digute usu. Izan ere, minez daudenek ingurukoak zauritzen dituzte maiz.