Veneziako urmaela, 452. urtea. Hunoen inbasioak bultzatuta, Italiar penintsulako barrualdeko hainbat biztanlek eremu zingiratsuan hartu zuten behin behineko babesa. Baina lonbardiarren inbasioak iritsi ziren urte batzuetan, eta bizitoki iraunkorra bihurtuko zen etorkin haientzat. Kokaleku paregabea zen barbaroengandik babesteko eta, gerora, itsas potentzia izateko bidea eman zien. Baina zingiran eraikitzea ez zen erraza. Eta horretarako egurrezko zutoin sistema konplexua garatu zuten.
Venezia ez da egurrezko zutoinen gainean eraikitako hiri bakarra. Europan bertan, Amsterdam da beste adibide bat. Baina Amsterdamen arroka-geruza ur azaletik askoz gertuago dago, eta Venezian ez zegoen zimenduak arroka sakonean tinkatzeko modurik. Euskarri solidorik ezean, bere buruari eusten dion sistema sortu zuten: zutoinak modu konpaktatuan jarrita, presioak berak egiten du euskarri lana. Baina, horretarako, lan eta egur asko behar zen.
Lanbide berezia sortu zen: battipali-en lana zutoinak etengabe mailuz kolpatzea zen. Batez beste, metro koadroko bederatzi zutoin erabiltzen zituzten. Horrek esan nahi du, esaterako, Rialtoko zubiaren zimenduak 14.000 zutoinez osatuta daudela eta, diotenez, 832an San Markos basilika eraikitzen hasteko, 10.000 haritz bota behar izan zituzten; haritzarena zen egurrik preziatuena eta, gerora, soilik itsasontziak eraikitzeko erabiliko zuten.
Haritzez gain, mendetan zehar Cadoreko mendietako eta Fiemme bailarako miloika alertze, haltz, pinu, izei eta zumar erabili zituzten zimendu gisa. Horregatik esaten da hiriaren azpian baso bat dagoela, Venezia baso alderantzikatua dela
Haritzez gain, mendetan zehar Cadoreko mendietako eta Fiemme bailarako miloika alertze, haltz, pinu, izei eta zumar erabili zituzten zimendu gisa. Horregatik esaten da hiriaren azpian baso bat dagoela, Venezia baso alderantzikatua dela.
Baso hila da, jakina, baina inguruko basoei bizirik eusteko ahaleginak bultzatu zituen. Fiemmeko bailarako 1111. urteko dokumentu ofizial batek basoak agortu gabe ustiatzeko arauak jasotzen ditu. Nicola Macchioni bioekonomilariaren ustez, horrek esan nahi du idatziz jaso baino askoz lehenago hasi zirela neurri horiek hartzen eta, horrenbestez, “basogintza Venezian asmatu” zela.
XIX. mendean egurrezko egiturak baztertu eta zementuzko eta altzairuzko zimenduak eraikitzen hasi arren, egurra erabiltzeko joera nagusitzen hasi da berriro. Egurrezko egitura zaharrak egoera anaerobikoan daude, eta, oxigenorik ezean, onddoek eta intsektuek ezin diete eraso. Bakterioek bai, ordea, egurra askoz mantsoago “jaten” duten arren. Gainera, bakterioek eragindako hutsuneak lohiak betetzen ditu, egituren jatorrizko formari eta presioari eutsiz.
Alezander Puzrin Zuricheko ETH unibertsitateko geomekanikariak dioenez, “gaur egun, hormigoizko edo altzairuzko paldoak berrogeita hamar urteko bermez diseinatzen dituzte; gehiago iraun dezakete, baina hori da estandarra”. Veneziako urpeko basoak, aldiz, milurte eta erdian eutsi dio.