argia.eus
INPRIMATU
Banku handiek klima aldaketan inbertitzen dute, baina ez da konponbidea sustatzeko
  • Berria izateari utzi dio: beroketa globalak bi graduak gaindituko ditu, eta gainditze horrek ondorio oso garestiak ditu. Klimaren gaia tabu bilakatzen ari den testuinguru berri  honetan, banketxe handiek ez dute horri buruz komunikatzen, baina arazoaz ongi jabetu dira eta horren araberako inbertsio asmoak dituzte. Sute, urperatze edota lehorteen kalteen artetik, etekinak betirako atxikitzea espero dute. 

Nicolas Goñi 2025eko maiatzaren 21
New Yorken, itsas mailaren igoerak munduko burtsa eta banku handienen auzoaldea ere mehatxatzen du.

Azken urteotan entzun dugu han hemenka, nahiz eta hedabide handietan merezi duen estaldura ez duen izan, ezta hurrik eman ere: 2015eko Pariseko hitzarmeneko 2 graduko beroketa globalaren muga ziur aski gaindituko da datozen hamarkadetan, eta 1,5 gradukoa dagoeneko erabat galdutzat dute klimatologoek. 2100erako –hau da, gaur egungo jaioberriek Gorka Knörr edota Anje Duhalderen adina izanen dutenean, hori ez da hain urrun– beroketa globala gutienez 2,7 gradukoa izan daiteke. Hala zioen iazko COP29aren karietara Climate Action Tracker (Klima Ekintzen Jarraitzaile) erakundeak plazaratu zuen txostenak. Stefan Rahmstorf ozeanografo eta klimatologoak iaz koordinaturiko lan batek 3 graduko beroketaren ondorioak deskribatzen ditu. Lan horrek sinpleki Climate and Weather at 3 degrees more (3 gradu gehiagotako klima eta eguraldia) titulua du, eta deskribapen zehatza darama: 3 graduz berotuz gero, hainbat milioi urtetan igaro ez duen tenperatura maila igaroko luke Lurrak, eta ekosistemak, gizarteak eta azpiegiturak ez dira tenperatura horietara egokituak. Bereziki, beroketaren eraginak ez dira proportzionalak, hau da, 3 graduko beroketaren eraginak ez dira soilik gradu bateko beroketaren eraginen hirukoitza, baizik eta askoz gehiago, eta askoz larriagoak. Lur eremuek berotzen jarraituko dute, batezbertzeko globala baino askoz gehiago, eta hainbat eskualdek beroketa globala baino bi bider gehiago, edo gehiago ere, pairatuko dute. Hau da, tokian tokiko 6 gradu edo gehiagoko beroketa. Muturreko beroa maizago gertatuko da, eta giza hilkortasuna emendatuko du, lehenbizi ahulenak kolpaturik: txiroak, kanpoan dabiltzan langileak, zaharrak, pertsona ezinduak...

Eremu tropikaleko zati handiak bertan bizitzeko beroegiak bihurtuko dira, adibidez, Indian, Asia hego-ekialdean edota erdialdeko Afrikan. Gainera, muturreko euriteak, uholdeak, idorteak, suteak eta uzta galduak maizago gertatuko dira eta larriagoak izanen dira. Zikloi tropikalen suntsitze ahalmena handiagoa izanen da, itsas mailaren igoera zalutuko da, eta poloetako izotz gehiena urtuko da, hainbat estatu desagertzera kondenaturik. Desagertzeko zorian diren estatu ezezagun horiek urrun ditugu, hala nola, Marshall uharteak, Tuvalu edo Maldivak. Ezagunagoak eta populatuagoak dira Hego Vietnam, Bangkok Thailandiako hirigunea, Bangladeshko lurraldearen erdia edota Niloko delta. Estatuak, Frantzia kasu, mende bukaerako 4 graduko beroketara egokitzeko planak diseinatzen hasi dira, baina klimatologo askoren ustez halako beroketara egokitzea ez da oso errealista, ekonomia bera delako erabat desegonkortuko.

Bankuak moldatzen dira bai, baina...

Horretaz ongi jabetu direla diote banketxe handiek, eta kalkuluak ere egiten hasiak dira. Sistema ekonomiko osoa eraldatzeko ekimenak bultzatzen ote dituzte? Tira, beharbada noizbait, baina ez oraindik. Badabiltza bertzelako irizpideen araberako maileguak eta inbertsioak egiten? Bai, baina ez espero genitzakeenak. Adibidez, Morgan Stanley bankutik adierazi dute 3 graduko beroketa igurikatzen dutela, eta ekonomia deskarbonizatzeko ahalegin globala ahultzea erabaki dutela. Aztertu dute, adibidez, aire girotuaren merkatua mundu mailan 235.000 milioi dolerrekoa dela, %3ko hazkundea izaten ari duela, eta 2030erako %7koa izan litekeela. Hori horrela, etorkizuneko inbertsioak sektore horretan egitekoak dituzte, eta oro har, Reuters agentziak azaleratu bezala, berotegi efektuko gasen murrizketari buruzko helburuak asko malgutu zituen jadanik iazko urrian.  Ez da itxura egiteari utzi dion banketxe bakarra. Adibidez, Wells Fargo bankuak ere bere "net-zero isurtze" helburuak bertan behera utzi zituen martxoan, eta zero isurietara heltzearen alde dabilen bankuarteko aliantza batetik irten ziren urte hasieran Citi, Bank of America eta JPMorgan bankuak.

Bankuek berma dezakete erregai fosiletatik energia garbiagorako trantsizioa, baina “kapitala maila handian mugituko da ekonomikoki zentzuzkoa denean soilik”. Hori adierazi zuen Mary Kate Bineckik, 60 herrialde baino gehiagoko 400 banku inguru ordezkatzen dituen Institute of International Finance Nazioarteko Finantzaren Erakundeko bozeramaileak.

Errealismoa?

Hor dago koska: ekonomikoki ez du zentzurik mende bukaerari begira erregai fosiletan inbertitzen jarraitzeak, gerorako etekinei bidea moztea litzatekeelako. Baina gaur egungo testuinguruan ez baldin badago metamorfosian inbertitzeko bultzada politikorik, bankuek ez dute ahalegina beren kabuz eginen. Iazko azaroan ondokoa zioen JPMorgan bankuko zuzendariaak: "Gobernuko lidergo konstruktiboa eta ildo politikoa ere beharrezkoak dira, bereziki zergei, baimenei, energia sareei, azpiegiturei eta berrikuntza teknologikoari dagokienez". Epe laburreko testuinguru politiko eta legala horretarako lagungarri ez zaieno, hondamendiak saihesteko behar den ahalegin globala ez dute banku handiek bultzatuko.

Baina arazoaren ukatze politikoak arazoaren eraginekin talka eginen duenean, zer egiteko gai izanen gara? Aseguratu ezinen diren jardueretan bankuek ez dute inbertituko; nahitaez mailegu gutiago eta beraz interes gutiago egonen da, gobernu petroliozale batek hori ukatu arren. Aire girotuaren merkatuaren gorakadak ez ditu konpentsatuko mundu mailan pikutara joandako edota egokitzapen erraldoia beharko duten merkataritzako azpiegitura handiak –Amsterdam eta Rotterdamgo portuak kasu–, zein ibai handien deltetako milioika hektarea lur emankorren galerak –gaur egun ehunka milioi pertsona elikatzen dituztenak–. ARGIAren 2.831 zenbakiko Klima aldaketa saihestu beharrean, egoerari egokitu: arrazionaltasun ekonomikoaren akatsak agerian erreportajean genioen bezala, mundu fisikoari begira argi da orain arte hartutako bidearen luzapenak zenbat kostako digun. Baina klima aldaketari serioski begiratu nahi bada, narratiba indartsu bat behar dugu, eta hori, oraindik sortzeke dago.