argia.eus
INPRIMATU
Bai, konpondu daitezke gatazkak komunitatea indartuz eta arrazakeria elikatu gabe
  • Urte hasieran, Saidek Kutxabanken lokal abandonatu bateko giltzak erosi zituen 600 euroan, beste bi lagunekin batera, Gasteizko Judimendi auzoan. Hilabete zeraman kalean bizitzen. Hasiera batean ez zuten arazorik izan, baina lokalera jende berria heldu ahala gatazkak eta elkarbizitza arazoak sortu ziren, haien artean eta baita ondoko atariko bizilagunekin ere, egoera larriren bat tartean. Gatazka horiei modu komunitarioan eta elkarrekiko enpatiaz egin diete aurre bizilagunek eta auzoko eragile sozialek. Bizitakoa azaldu digute Mohamed Said lokaleko bizilagunak, Juncal Ruiz atariko bizilagunak, eta Batuta Judimendiko elkartasun sareko kide Mikel Susok.

2025eko maiatzaren 21
Juncal Ruiz atariko bizilaguna eta Mikel Suso Judimendi auzoko Batuta sareko kidea. Haiekin batera solasaldian parte hartu zuen Mohamed Said lokaleko bizilaguna ez dago aragazkian, berak horrela eskatuta:
Juncal Ruiz atariko bizilaguna eta Mikel Suso Judimendi auzoko Batuta sareko kidea. Haiekin batera solasaldian parte hartu zuen Mohamed Said lokaleko bizilaguna ez dago aragazkian, berak horrela eskatuta: "Lana lortzeko arazoa izan daiteke".DosporDos

Gasteizera lehenbizikoz 2015ean heldu zen Said, 21 urte zituela. Ez da bere egiazko izena, argazkietan ez agertzea ere nahiago du: “Lana lortzeko arazoa izan daiteke”, azaldu du.  “Heldu nintzenean ilea nuen”, dio umorez, bekokiko soilguneak erakutsiz. Familiarekin etorri zen, ikasi eta lan egiteko asmoz. “Hiru titulu dauzkat, autoen karrozeria konpontzekoa, pladurra muntatzekoa eta pinturakoa”. Denbora batera Marokora bueltatu zen familia osoa, eta pandemia ostean bera bakarrik itzuli zen Euskal Herrira. Urte horietan guztietan hainbat etxebizitzatan bizi izan da, beti alokairuan.

Duela hilabete batzuk Said teilaturik gabe geratu zen, bizi zen etxearen jabeak hura saltzea erabaki zuelako. Enplegurik gabe zegoen une horretan. Bi egoeren batuketak kale gorrian utzi zuen, negu betean. Hilabetera, lagun batekin eta hirugarren pertsona batekin batera Kutxabanken egoitza ohi bat 'erosi' zuten, Judimendi auzoko Santiago etorbidean. 600 euro ordaindu zituzten giltzaren truk. “Nire asmoa zen pisu bat aurkitu eta han denbora gutxi ematea. Saldu zigunak esan zigun bera bertan bizi zela ordura arte, ohe eta guzti. Bagenekien ez zela legezkoa, baina uste genuen arazorik suertatuz gero aurpegia emango zuela”.
Hasiera batean ez zuten inongo arazorik izan, Saidek gogoratu duenez. “Oso garbi genuen dena, su txiki bat ekarri genuen kozinatzeko, ez genuen zaratarik egiten, Polizia ez zen etorri eta ez zen bizilagunen kexarik egon”. Polizia, lehenbizikoz, hilabete batera agertu zen, okupazio delituagatik bertan bizi zirenak identifikatzera. “Orduan jakin zuten auzokide batzuek hor ginela”. Okupazioagatik epaiketa izan dute Saidek eta lagunak.

Kexu zen bizilagunak auzo elkartera deitu zuen konponbide bila, ez Poliziara. Auzo elkartea Batuta Judimendiko elkartasun sarearekin jarri zen harremanetan, ez Poliziarekin

Jende gehiago, arazo gehiago

Saiden lagunak bi pertsona gonbidatu zituen lokalean bizitzera. Zaratak areagotu ziren, eta haien arteko gatazkak piztu ziren. “Zenbat eta jende gehiago, orduan eta arazo handiagoak”, azaldu du Saidek. Garai hartan hasi ziren lokal ondoko atariko lehen solairuko bizilagunaren kexak, zarata eta usainengatik. “Atariko gainontzekook ez genuen arazorik ez zitzaigulako ezer heltzen, ni adibidez laugarren solairuan bizi naiz”, dio atarian bizi den Ruizek.

Kexu zen bizilagunak telefonoa hartu zuen konponbide bila. Auzo elkartera deitu zuen, ez Poliziara. Auzo elkartea, bere aldetik, Batuta Judimendiko elkartasun sarearekin jarri zen harremanetan, ez Poliziarekin. Sare horretako kide da Mikel Suso. Auzo elkartearen deia jaso zuenerako Gasteizko auzoetako hainbat pertsona eta mugimendu biltzen hasiak ziren, hiri osoan errepikatzen ari diren antzeko egoerei nola erantzun pentsatzeko (maiatzean aurkeztekoak diren Gasteiz Anitza ekimena da lan horren azken fruitua).

 Lehen planoan Mohamed Saiden eskuak, eta sakonean Mikel Suso bere esanak aditzen. Argazkia: DosporDos

Ateak jo

Zentzuzkoena ateak jotzea zela erabaki zuten Batutako kideek: auzo elkartera deitu zuen bizilagunaren atea, eta lokaleko bizilagunena. “Gure ikuspuntua da auzoan bizi dena auzokidea dela, edozein balditzetan bizi dela ere; eta auzokideon arazoak denon arazoak direla”, azaldu du Susok.

“Lehen aldi hartan Maialen eta biok joan ginen, zuek ezagutzera, ea laguntzarik behar zenuten galdetzera, ondoko tabernara joan ginen kafe bat hartzera”, oroitu du Susok Saidi begira; “Horrela izan beharko lukete gauzak, horretarako [lokalean bizi ziren] gazteek bizilagunak errespetatu behar dituzte”, gehitu du Saidek; “Errespetuz denok jokatu behar dugu elkarren artean”, Ruizek. Bisitaren asmoa bitartekari lana egitea ere bazen: “Jakinarazi genizuen goiko bizilaguna kexu zela”. Zarataz eta ordutegiez hitz egin zuten, janari eta ke usainak ekiditeko lokalaren zein espazioetan ez kozinatu edo erre pentsatu zuten...

Auzoko saretik hiru laguntza mota eskaini zieten lokaleko bizilagunei. Batetik, materiala, bereziki argirik gabe utzi zituztenean: arropak, mantak eta beste lortu zituzten auzoko WhatsApp taldetik eskatuta. Bigarrenik, gizarte zerbitzuetara lagundu zituzten. “Laguntza gutxi eman dute”, dio Susok erakundeez, “bizilagunak laguntzen saiatzen gara, baina haien ardura konponbideak ematea da, eta ez dira egiten ari”. Hirugarrenik, bestelako modu eta espazio informalagoetan Said eta lagunei tokia egiten saiatu dira: noizbehinka kafe bat hartu edo telefonoz hitz egin, futbol partidu bat jolastera gonbidatu... “Ondo dago bertako jendearekin harremana izatea, ezagutzea, nola pentsatzen eta bizi diren jakitea”, dio Saidek.

“Dena den, guk maila berean jartzen dugu lokalean bizi zirenekin eta lehen solairuko bizilagunarekin egin genuen akonpainamendu eta bitartekaritza lana”, azpimarratu du Susok. “Hor, garrantzitsuena da transmititzen dizuna balidatzea, entzutea eta ulertzen saiatzea, bakoitzak bere modura bizi duelako edozein egoera. Gero hori transmititu ahal izateko, eta posturak hurbiltzen saiatzeko”, azaldu du. Intentsitate handiagoko eta txikiagoko uneak egon dira akonpainamendu horretan, “baina ez larriak”. Elkarri aurpegia jartze hutsak balio handia duela diote hiru solaskideek.

Bitartekaritzak fruituak eman zituen hasiera batean, zaratak eta usainak murriztu ziren, eta kexu zen bizilaguna jada ez zen horren kexu. Baina lokalera pertsona berriak heltzen jarraitu zuten, hamar ere izatera heldu ziren, adin, asmo eta egoera ezberdinetan zeudenak. Hamarretik bik soilik zuten diru-sarreraren bat, desgaitasunengatik: “Bat itsu egoteagatik, besteak buruan egin zioten ebakuntza baten ondorioz”, zehaztu du Saidek. Paperik gabeko hiru gazte ere baziren, “pasaporterik ere ez zuten”.
Haien arteko gatazkak eta lehen solairuko bizilagunaren kexak areagotu egin ziren berriz ere.“Batek lo egin nahi du, beste batek musika entzun; batek atseden hartu, beste batek parranda egin; batekin hitz egiten baduzu, beste bederatzi geratzen zaizkizu”, laburbildu du egoera Saidek. “Gu lau gara etxean, nahi dugulako bizi gara elkarrekin, eta halere gatazkak ditugu, pentsa hamar ezezagunekin sartzen banaute”, hausnartu du Ruizek.

Testuinguru hartan, Kutxabankek lokaleko argia eta ura moztu zituen, eta bertako bizilagunek sorgailu bat sartu zuten elektrizitatea eta beroa lortzeko.

“Sentimendua izan zen, ostia, ez gaude seguru, beldurra” (Juncal Ruiz, bizilaguna)

Arrisku egoeran ere, enpatiaz

Otsailaren 14ko gauean, atariko bizilagun batek usain arraroa eta sorgailuaren zarata sumatu zituen lanetik etxera bueltatzean. Larrituta, suhiltzaileak deitu zituen. Karbono monoxidoa zen bizilagunak usaindutakoa, eta eraikinean pilatzen ari zen, nagusiki lokalean baina baita gaineko etxebizitzetan ere. “Deitu ez balie, hildakoak egongo lirateke gau hartan, bereziki beheko solairuetako bizilagunen artean”, ziurtatu du Ruizek. Laugarren solairuan bizi da bera, eta gau hartan goiz oheratu zen buruko min handiarekin, “uste dut monoxidoaren ondorioa izan zela”. Suhiltzaileak bizilagunak desalojatzeko zorian egon ziren, baina azkenean eraikineko leiho guztiak ireki eta aireztatzea nahikoa izan zen.

Ordura arte lokaleko eta lehen solairuko bizilagunen arteko elkarbizitza arazoa zenak beste dimentsio bat hartu zuen: batetik, arazoa atariko pertsona guztiena bihurtu zen eta, bestetik, segurtasun mailakoa. “Sentimendua izan zen, ostia, ez gaude seguru, beldurra”, laburbildu du Ruizek. Sentimendu horiek areagotu egin ziren hurrengo egunetan. Semeak Ruizi ohartarazi zion lokaletik gasolina usaina ateratzen zela, eta honek 112ra deitu zuen. “Ez zen ezer, isuri txikiren bat edo izango zuten”, dio Ruizek, baina beste behin bertaratu ziren suhiltzaileak eta Polizia. Handik gutxira, elektrizitatea pintxatzen saiatu ziren lokaletik, eta atari guztia utzi zuten argindarrik gabe.

Beldur eta haserre testuinguru emozional hartan egin zuten atariko bilera hamasei bizilagunek, Ruizek berak deituta. “Gorroto diskurtsoak esatea igual gehiegi da, baina gustuko ez dituzun gauzak bai entzuten dituzu horrelako egoera batean, asko gara eta nork bere iritzia du”. Nolanahi ere, lortu zuten ikuspuntu komun batera heltzea: “Pertsona hauek ez daude hemen nahi dutelako, ezta gu izorratzeko asmoz ere. Izorratu gaituena lokalaren jabea da, argia aldebakartasunez moztu duenean. Bai, arazo bat dago, baina arazoa ez da sortu behean jende bat bizitzen egoteagatik, baizik eta horien aurka hartu dituzten neurriengatik”, laburbildu du Ruizek. Ikuspuntu horren arabera jokatzea adostu zuten. “Egon ziren beste jarrera batzuk defendatzen zituzten bizilagunak, baina onartu zuten alde batera egitea pixka bat, eta trabarik ez jartzea”.

Bizilagunek, batetik, Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken, Gazteriaren, Berdintasunaren eta Bizikidetzaren Batzordean hitza eskatu zuten. Martxoaren 24an, udal gobernuari eta gainontzeko talde politikoei konponbideak eskatu zizkieten: atariko bizilagunentzako, lokalean bizi zirenentzako, eta antzeko egoeran aurkitzen diren gasteiztar guztientzako. Batzordean bertan aitortza eta esker oneko hitzak entzun zituztela gogoratu du Ruizek, baina ondoren bere eskaeren inguruko erantzunik ez dute jaso. Bestetik, ordurako auzoko hainbat eragileren artean –Batuta, Gazte Asanblada, auzo elkartea...– sortua zuten lantaldearekin batu ziren, ordura arteko bide komunitarioari segida emateko.

“Galdetu nahi badidazu zer egiten dudan hemen lokalean, zer egoeran nagoen, nik azalduko dizut” (Mohamed Said, bizilaguna)

Gatazka hurbilak, ispilu eta aukera

Arazoek edo egoerek ispiluaren aurrean jartzen gaituzte pertsonalki eragiten digutenean, eta kristalak ezusteko irudia bueltatzen du maiz, batzuetan onerako, bestetan okerrerako. “Hori bizitzea tokatu zait. Harritzea, txarrerako, zenbait jenderen ahotik entzuten duzunarekin, teorian beste balore batzuk dituela ematen duenean. Eta alderantzizkoa ere bai. Diskurtso politikorik egiten ez duten eta horrelako egoera bat beldur gehiagorekin bizi dezaketen pertsona nagusiei entzutea, adibidez, ‘beno, ea gazte hauek laguntza lortzen duten...’”.

Zentzu horretan, atariko komunitatearen erantzuna goraipatu du Susok: “Egoera oso emozionala da: arazoak daude, kalteak, beldurra... Balorea eman behar zaio egoera hartan erantzun hori emateari, errazena lokalekoen aurka egitea zelako”. Pentsakor geratu da Ruiz segundo batzuez, hariari segida eman aurretik: “Une horretan garrantzitsua da hausnartzea: non nago? Eta bai, pentsatzen dudan horretan mantentzen naiz, haiek ondoan izan aurretik pentsatzen nuen horretan”.

Gasteizen bezala Euskal Herri osoko hainbat hiri eta herritan errepikatzen ari dira azken urteotan bazterkeria eta kale egoeran dauden personen aurkako jarrerak zein aldeko ekimenak. Argazkia: Irutxuloko Hitza

Azken hilabeteetan bizitakoak “hausnartzeko aukera” eman diola dio Ruizek. “Ez nire buruarekin soilik, baita semearekin ere, adibidez”. Semea “erabat izutu” zen atari ondoko lokala okupatua zegoela jakin zuenean eta ez zuen kalera atera nahi jolastera, gertatu ahal zitzaionaren beldurrez. Beldur horiek eta oinarrian zeuden usteak jorratu zituen Ruizek berarekin. “Balio izan du hitz egiteko bestela hitz egingo ez genituzkeen gauza batzuei buruz. Eta pentsatzeko nondik jo nahi dugun: bale arazo bat dago, baina lasaitasunez heldu nahi diogu, eta modu eraikitzailean”.

Arazo orokortua

Asteak pasa dira ordutik, hilabeteak Said eta bere lagunak Kutxabankeko egoitza ohiaren giltza erosi zutenetik. Egun ez dago ez elkarbizitza arazorik ez segurtasun mailakorik Santiago etorbideko bizilagunen artean. Solasaldian ari garen unean, pertsona bakarra bizi da lokalean. Saidek logela bat lortu zuen alokairuan, berarekin batera sartu ziren bi lagunak Belgikan eta Bartzelonan bizi dira. Besteen berririk ez du Saidek, baina oso litekeena da kalean edo bizitzeko baldintzarik ez duen beste edozein lokalean bizitzen egotea, Gasteizen bertan edo Laudion, Algortan, Donostian, Trintxerpen, Iruñean, Baionan...

Herri eta hiri horietan guztietan, eta gehiagotan ere bai, antzeko errealitateak bizi dituzte hainbat bizilagunek, eta maiz gatazkak sortu dira haien artean. Gero eta ohikoagoak bilakatzen ari dira kalean edo abandonatutako lokaletan bizi diren pertsonen aurkako jarrerak: Polizia gehiago eta oldarkorragoa eskatu, auzotik edo herritik botatzea exijitu, aldarri arrazistak, baita eraso fisikoak ere. Mezu, jarrera eta gatazka horiei oihartzun handia ematen ari diete hainbat komunikabidek, Vocento taldea buru.

Aldi berean antolatu dira ere herritar eta elkarteak gatazkei bestelako modu batean erantzun nahian. Baina ohartarazi ohi dute zailtasunak handiak direla, herrigintzak erreminta falta nabarmena duela, eta bitartean arrazakeria eta eta eskuin muturraren mezuak indarra irabazten doazela ezker-eskuin. Arazoa biderkatu egin da azken urteotan, oinarrian pobrezia, arrazakeria eta bazterkeria daudelako, eta Euskal Herriaren zein munduaren bilakaera ikusita, pentsatzekoa da hazten jarraituko duela. "Zer ikasgai atera dezakegu Judimendi auzoko esperientziatik?", galdetu diegu solaskideei.

Eragile berria: Gasteiz Anitza

“Harrera sareak, mugimendu feministako kideak, auzo elkarteak, zaintza sareak, etxebizitzaren problematika lantzen dugun eragileak, politika migratzaileak salatzen ditugunak, antifaxistak, arrazakeriaren aurkakoak, errolda eskubidea pertsona guztientzat aldarrikatzen dugunak, gure komunitateak eta auzoak maite eta bizi ditugunak gara”. Horrela aurkeztu zuen bere burua Gasteiz Anitza ekimenak martxoaren 24an eman zuen prentsaurrekoan. Agerraldiaren asmo nagusia, hain zuzen ere, erreportaje honetan sakon ezagutu dugun prozesu komunitarioaren zertzelada nagusiak ematea izan zen.

“Egoera zaurgarrian dauden pertsonekiko diskurtso baztertzaileak ohikoak bihurtu dira gure inguruan”, ohartarazi zuten, eta alternatibak garatzeko asmoa agertu, “egoera larrien aurrean soilik Poliziaren esku hartze gehiago eskatzen duen eta eskubideen urraketei entzungor egiten dion ereduaren aurrean”.

Gasteizko hainbat auzotan errepikatzen ari diren arazoak “auzo elkartasun eta perspektiba integratzaile batetik lantzeko beharra” azpimarratu zuten, “non auzokideok ondoan ditugun auzokideengatik kezkatzen garen, kriminalizatu gabe eta ditugun elkarbizitza beharrei eta arazoei helduz. Auzokideen inplikazioa bilatzen dugu auzokideen arazoen konponbidean”.
Maiatzaren 31n ekimenaren aurkezpen ofiziala egingo dute, eta helburu horietan pausoak emateko adostu dituzten erreminta eta ekimen zehatzak aurkeztuko dituzte.

Martxoaren 24an agerraldia egin zuen Gasteiz Anitza ekimenak, erreportaje honetan sakon jaso dugun prozesuaren zertzelada nagusiak azaltzeko. Maiatzaren 31n egingo dute ekimen komunitarioaren aurkezpen ofiziala. Argazkia: Gasteiz Anitza.

Saiatu, bada aukerarik

Bada aukerarik gatazka hauei modu komunitario eta eraikitzailean heltzeko, horra lehen ikasgaia, Susoren esanetan. “Normalean auzokide gisa ez, arazo gisa ikusten ditugu baztertutako horiek, Polizian pentsatzen dugu irtenbide moduan... Hori da lehen kolpean datorkiguna, hori delako ezagutzen duguna”. Ikuspegi eta praktika horiei buelta emateko auzokideen papera “erabakigarria”  dela dio. Auzokideak pluralean, sarea. Judimendin aurretik ere baziren eragileak, baita sare formal zein informalak ere, eta horiek egin dute posible erantzuna komunitarioa izatea.

Saiatu beharra dago, hori bigarren lezioa. Erraza da esaten, ez hainbeste egiten. Ezjakintasuna, erreminta falta, beldurra, erosotasuna, gaindituta sentitzea, ziurgabetasuna, arrazakeria... faktore asko sartu daitezke jokoan. Lokalaren atea jotzea bera ez zitzaien erraza izan Batuta sareko kideei: beldur ziren ea nola hartuko zituzten eta zer aurkituko zuten eta, bestalde, ez zuten bertan bizi zirenen intimitatea urratu nahi. Atariko eta lokaleko auzokideen artean ez da kontaktu zuzenik egon deskribatu dugun prozesuan. “Ni tentatuta egon naiz hainbat aldiz atea jotzeko, baina hor, nahi edo ez jokoan sartzen dira aurreiritziak, estereotipoak: zer topatuko duzu? Zer dakizu? Eta jipoi bat ematen badizute? Eta ez dut atea jo. Damutu naiz? Bai”, hausnartu du Ruizek. Eta, Saidek? Berak ere beldurra sentitu ote zuen atea jotzen zutela entzutean, Polizia edo herritar oldarkor bat izango zen beldurrez?: “Ez, ikusten da pertsona bat zer asmorekin datorren, galdetu nahi badidazu zer egiten dudan hemen, zer egoeran nagoen, nik azalduko dizut”.

“Lehenik eta behin, lokal abandonatuetan bizi direnak ere auzokideak dira; bigarrenik, arazoak denonak dira” (Mikel Suso, Batuta sarea)

Ugaltzen ari den errealitate batez ari gara, baina gatazken izaerak eta intentsitatea, eragile sozialen indarra, bizilagun batzuen zein besteen jarrerak... ezberdinak dira kasu eta toki bakoitzean. Judimendiko esperientzia baliagarria izan daiteke edozein testuingururako? Funtsean baietz uste dute solaskideek.

“Oinarria” bistatik ez galtzea eskatu du Saidek: “Zergatik gaude hemen? Lan egin nahi dugulako, gure bizitza hobetu nahi dugulako, ez inor izorratzeko edo kalterik egiteko. Inork ez du horrela bizi nahi. Nik txalet batean bizi nahi dut, dirua izan, jende guztiaren antzera”. Bizilagunekiko errespetuz jokatzearen garrantzia azpimarratu du.

Judimendin bezala beste edozein tokitan “enpatia” da gakoa Ruizen ustez, “denon aldetik”. Bitartekariaren figuraren garrantzia azpimarratu du, “batzuei eta besteei ulertaraziko diena ondokoak zer sentitzen duen eta zer behar dituen”.

Beste bi gako gehitu ditu Susok: “Lehenik eta behin, lokal abandonatuetan bizi direnak ere auzokideak dira; bigarrenik, arazoak denonak dira”. Konponbideak ere dira denonak, gehitu du jarraian: lokaletan bizi diren pertsonen egoerei konponbidea emanez gero, ez legoke gatazkarik haien artean eta gainontzeko bizilagunekin.

Susoren azken hitzekin bat egin dute Ruizek eta Saidek: “Ez dugu konponbidea eman, irtenbidea lortu dutenak beraien kabuz lortu dute; baina denon artean ekarpena egin dugu norabide on batean”.