Ustekabean edo... urte hasiera honetan bi mila milioitik gorako irabaziak izan omen ditu Iberdrolak, baina ez omen dago txapliguak, altxafuegoak, etxaferuak... edo dena delakoak zeruetara botatzeko egoeran, izan ere, iaz aldi berean baino %27 gutxiago irabazi omen du. Atalen batek ez du uste adinako errentagarritasunik, edo zergetan gehitxo ordaindu dute? Helburua iazko irabaziak ontzea izango zen eta guretzat ametsetako kopuruak (argi esateko, amestu ere ezin ditugunak) badira ere, seguru asko bazkideek eta akziodunek gutxi dela iritziko diotela; ez hori bakarrik, galdu egin dutela! Nekazaritza munduan, lurrak emandakoa zainduz dabiltzanentzat eta beste askorentzat, galtzea ez da uste adina irabazi ez izatea. Galtzea galtzea da eta kitto!
Lehengo plaentxiarrarena: “–Zer moduz fabrikan, hasi al zarete burua altxatzen? –Baa, baziak xeoxe hobetzen, torloju bakoitzarekin xentimo bat galtzen diagu, baina asko eginaren puruan, zerbait irabazi!”.
Badakit, zuekin batera bizi izan nuelako, itzalaldia benetan gertatu zela, baina nik ulertzeko moduan ez dut azalpenik irakurri ez entzun, galdu egin omen dira hamabost gigawatt argindar bost segundo eskasean. Itzalak argitu behar dituena, has dadila gu haurtzaroan bezala, “San Antonio, bila-bila, bilatzen lagundu, bestela limosnarik ez dizut emango”.
Energia nuklearra gauetik goizera energia berde bataiatu dute. Lehen, hainbeste arrisku zuelako, aurka bortitz batailatu genuen, baina...
Bada ondorioztatu duenik energia berriztagarriak ez direla gertatu denaren arriskua saihesteko lagunik onenak eta beste goi tentsioko linea bat edo gehiago eraiki beharra dagoela, horrelakorik gerta ez dadin. Energia nuklearra gauetik goizera energia berde bataiatu dute. Lehen, hainbeste arrisku zuelako, aurka bortitz batailatu genuen, baina... Zein energia mota ote da errentagarriena enpresa hauentzat? Lurtarrontzat arriskutsuena? Hurrengo aldiak itzala argitu eta ulertzekotan utzi beharko dut!
Ondoko berria, berriz, noiz eta maiatzaren 1ean Berria-n irakurri nuen: azken sei urteetan, enpresetako kontseilarien soldatak, batez beste, %50 igo omen dira eta langileenak epealdi berean %0,9. Azterketa hori egin duen Oxfam nazioarteko erakundeak 35 herrialde eta bi mila enpresa baino gehiagoko datuak arakatu omen ditu. Egia ote da? Eta zenbateko soldata dute bada kontseilari horiek? Hauxe: 2024an, batez beste, 3,8 milioi euro. Ahuntzaren gauerdiko eztula! Kontseilari askoren kasuan, gainera, soldata baino saria deituta aproposago...
Argirik gabe itzalik ez, eta nago itzalaldiak berekin ekarriko ote duen are eta goi tentsioko eztabaida gehiago, linea gehiago eraiki premia azpimarratuz, nekazarien lurrak negozio iturri gisara baliatzeko. Zergak ordaintzea gure kontu, baina xoxak Iberdrola, REE eta abarren kontseilarien esku.