argia.eus
INPRIMATU
Teknologia
Adimenaren biologiaz
Diana Franco Eguren 2025eko maiatzaren 14a

Herriko liburutegian, teknologiaren inguruko espazio ireki batean hartzen dut parte. Aurrekoan, haurrentzako robotika proiektu bat sortzeko Arduino plaka erabiltzen ikasi nahi zuten bi emakume gerturatu ziren, bata programatzailea, bestea ni bezalako kuxkuxeroa. Hirurak jarri ginen martxan. Urteak ziren Arduinorekin aritzen ez nintzela. Elektronika ulertzen dudan modua azaldu nien, Arduino plakaz gogoratzen nuena eta erabili behar genituen osagai elektronikoen izaera. Programatzen hasteko unea heldu zen. Programatzailearentzat erronka intelektuala zen, orri zurian idazten hasi zen, eta nik “copy past”-aren bidez bidea arintzea eskaini nion, ez bainintzen gai egiten zizkidan galderak erantzuteko. Bere lagunak gomendatu zuen adimen artifiziala erabiltzea, ikasteko bide bezala. Programatzaileak ezetz esan zigun, jada zekienarekin ulertzen saiatu nahi zuela.

Egoeraz pentsatzen jarraitu dut etxean, eta kasualitatez Noam Chomskyk adimen artifizialaren eta giza adimenaren inguruan egin izan dituen zenbait hausnarketa eta elkarrizketatik tiraka ibili naiz. Ulertu dudanagatik, Chomsky jaunak gai honetan ezagutzaren jabetza (gaitasuna) eta ezagutzaren erabilera (ekintza) bereizten ditu. Chomskyk dio gizakion adimena gizakiak biologikoki garenari loturik dagoela, gizakiok ezagutzaz jabetzeko modua ezaugarri biologiko unibertsala dela. Hori dela eta, adimen artifiziala ezin dela gizakion adimenarekin alderatu, txindurrien adimena alderatu ezin den gisan.

Chomskyk ere badio, ekintzen eremuan adimen artifizialak gainditu egingo gaituela, gizakion adimenaren biologiarekin alderatuta datuak prozesatzeko duen memoria eta abiadura medio. Adimen artifiziala ulertzeko, pisu handiak altxatzen dituen garabi erraldoi batekin alderatu dezakegula dio, inguru espezifiko batzuetan, ekintza zehatzak guk baino hobeto gauzatu ditzakeen tresna. Eta dio, gizakion adimenari dagokionez, informazio gutxirekin eta energia behar gutxirekin, egoera anitzetan ezagutza sortzeko duen biologia oraindik guztiz ulertzeko bide luzea dugula.

Erreferentziak: