argia.eus
INPRIMATU
Puntadaz puntada aldatzen
Xabier Etxaniz Erle 2025eko maiatzaren 14a

Tapakia
Maite gurrutxaga
Erein, 2025

-----------------------------------------------------------

Tapakia liburu honen azala ikusten badugu, bertan sagu pipertu bat ikus dezakegu lehortzen ari den tapaki zuri-zuri baten ondoan. Gero, normalean kasu gutxi egiten diegun babes-orriei erreparatuta, ikusi ahal izango dugu nola aldatu den sagu hori. Babes-orri horiek istorioaren bertsio laburtua ematen digute, baina gu, hori ongi ulertzeko, liburuko orrietan barrena murgilduko gara, testurik gabeko liburuaren irudietan, eta atzeko azalean tapaki berria, umeak eta hasierako protagonista itxuraldatuak aurkituko ditugu.
Bi umeek tapaki zuria baloiarekin jolasean zikindu duten unea dugu abiapuntua; ondoren saguak garbitzera eramaten dio umeen amari, pipertuta, haserre umeekin eta munduarekin; umeen etxean, baina, apur-apurka auzokoak agertzen hasiko dira prest den meriendara; kafea (edo tea) hartzen dute gozokiekin, solasean, umeak jolasean, elkar agurtzen eta partekatzen dena. Tapakia, bitartean, aldatzen ari da, garbitu eta puntadaz puntada zuri-zuria zena koloretako tapaki berria bilakatu arte.

Istorioa, ia bere osotasunean, espazio berean gertatzen da (Maite Gurrutxagak Tik bakarrik, tak ikarak liburuan egin zuenaren antzera) eta horrek aukera handiak ematen ditu pertsonaiekin eta objektuekin jolasteko. Zertan ari diren, nola aldatzen diren, batzuen eta besteen aldaketekin istorioaren garapena ikusteko, “irakurtzeko”, protagonista baten jarraipena bilatzeko, ikusteko, disfrutatzeko…

Protagonistak animaliak izatea, saguak, lagungarria da gizakiengandik bereizten direlako, baina, aldi berean, identifikatzen laguntzen duelako. Sagu pertsonifikatu horiengan ikus dezakegu geure burua: petralduta dagoen saguak besteak onartzen dituenean aniztasunaren aldeko aldarria egiten da, jolasten ari diren umeen bidez alaitasunarena, elkarrekin ari diren emakumeek laguntzarena, guztion jokabideak komunitatearena… Izan ere, liburuak irakurle adina irakurketa baititu. Disfrutatu, ikasi, gozatu, irri egin edo jolasteko obra gomendagarria, haurrekin nahiz haurrentzat.