Momentu honetan, eta buruileraino, Adimen Artifizialari buruzko erakusketa erraldoi bat ikusgai da Parisko Galerie nationale du Jeu de Paume museoan, izenburu honekin: Mundua, Adimen Artifizialaren arabera. Erakusketa horretan, hainbat arte obra garaikide agertzen dira, horietarik anitz ineditoak, galdekatzen dutenak Adimen Artifizialaren araberako mundu esperientzia. Hain xuxen, egun, Adimen Artifizialak premiazko galderak eta kezkak sorrarazten ditu, ez baita gehiago detekziora, ezagutzara, sailkatzera, azterketara edo predikziora mugatzen: gaur, sortzaile ere bada. Sortzen ditu testuak, irudiak, musikak, baliabide material eta natural izugarriak erabiliz. Internet eta smartphoneak denbora arrunt laburrean baitezpadakoak bilakatu zaizkigu, baina adituek diote epe are laburragoan alor orotan sartuko dela Adimen Artifiziala, jendeen arteko harremanak, populuen eta estatuen arteko harremanak, gizakia eta lurramaren arteko harremanak osoki eraldatuz.
Funtsean, Frantziako Ikerketa Zentro Nazionalean zuzendari den Alexandre Gefen kritikari literarioak dio Adimen Artifizialak sortutakoak egiazko objektu kulturaltzat hartu behar direla, eta balio duela Adimen Artifizialaren historia kulturalaren kontatzen hastea. Helburu horrekin, maiatzaren 13an, Parisko liburutegi nazionalean ikerketa egun bat antolatuko du, ikusteko Adimen Artifizialak eragin irudimenak, hainbat eleberri, film eta arte obraren bidez, nola bideratu dituen berrikuntza teknologikoak. Gefen eta haren taldearen helburua da alternatiba bat proposatzea Adimen Artifizialaren garapenari begira ager dezakegun baikortasun inozoa eta ezkortasun beltzaren artean.
Adimen Artifizialak lana kentzen ahalko die laster artistei, baina, horrez gain, gure kulturan berean infiltra daiteke, objektu anti-kulturalak sortzeraino, muga politiko eta etiko guztien gainetik
Bizkitartean, giza-kultur mundua oso kezkatuta dago, Adimen Artifizialaren hedapen izugarriarengatik, gure euskal ekosisteman berean. LARRUN gehigarriaren 301. zenbakian, Fermin Muguruzak aipatu zuen film espainol bat, La Infiltrada: Muguruzak egileari baimenik ez ziolako eman bere kanturen bat txertatzeko soinu-bandan, horrek kantu bat asmarazi zion Adimen Artifizialari, Muguruzaren sorkuntzatik aski ezberdina plagia salaketa saihesteko, baina halere aski hurbila entzuleak berehala ezagutzeko. Adimen Artifizialak lana kentzen ahalko die laster artistei, baina, horrez gain, gure kulturan berean infiltra daiteke, objektu anti-kulturalak sortzeraino, muga politiko eta etiko guztien gainetik, Muguruzaren musikan egin duen bezala, gure izatetik kanpoko kontakizun eta iruditeriak barreiatuz gure baitan.
Halere, kontu horiek Parisko museoetan eta Hegoaldeko aditu eremuetan zabalduak baldin badira, Iparraldean, oraino babestua den oasian bizi gara. Pazko astelehenez iragan den Sarako azokan, gure herriaren historia, gure jendartearen arima kontatzen duen idazle andana bildua zen, bere xinaurri lanak agerian ezartzeko, zinezko objektu kulturalak: Mikel Epalza, Bea Salaberri, Eneko Bidegain, Ekaitz Bergaretxe, eta bertze anitz.
Egun berean hasi zen, Urepelen, gazte bertsolarien ikastaroa. Horiek, libururik gabe (Odolaren mintzoa ez bada), josteta moduan ikasi dute beren errealitatea kantuz kontatzen, fikziotan ezarriz batzuetan, erretorikatik aparteko bertze artifiziotasunik gabe. "Hemen haziak gara": hori dute idatzi Campistron ahizpa artistek Urepeleko plazako pareta batean. Ea ba gure kultura bakean hazten segitzen lortzen dugun, infiltrazio faltsutzaile gehiegirik gabe, harreman zuzen eta zintzoen bidez, delako artifiziokeriaren uholdea etortzean.