Ertzain talde bat bi gazte jipoitzen ileapaindegi batean. Lokal barrura sartu dituzte, San Frantzisko kaleko segurtasun kamerek polizia gehiegikeriak filmatu ez ditzaten, baina seguruenik ez zuten espero negozio horrek ere segurtasun kamera zuenik. Bilboko Kontseilu Sozialistaren bideoa argitaratu du ARGIAk eta zabalkunde handia izan du hedabide honen sare sozialetan.
Instagrameko argitalpenak jaso dituen 159 iruzkinen artean, Ertzaintzaren eraso arrazista kritikatzen dute askok. Aitzitik, mezu xenofobo ugari ere nabarmentzen dira, bi hizkuntzatan. Hona hemen euskarazko hiru:
“Zergatik azaldu dira bertan? Zein da testuingurua. Hori jakin behar da”.
“Polizia, lapurretekin, mehatxuekin, bortxaketekin eta abar gatazka-eremu batean bere lana egiten. Jende guzti honen izenean, ez dakit zein mundutan bizi zareten, Ipar Afrikako gaizkile hauek babesten idazten duzuenoi”.
“Eta etorkin gaiztoen talde batek neska bat bortxatzen duenean? Orduan ere haiei beharrean Poliziari botako zaio errua? Feminismoa eta askapena ez baldin badaude, antiarrazismoa ez da posible!!!”.
Euskal oasiaren mitoa irensten saiatzen ez garenontzat ere, harrigarriak dira halako mezuak, ultraeskuin “konplexugabearen” diskurtso berdintsuak errepikatzen dituztenak, feminismoaren instrumentalizazioa barne. Faxismoa Espainiako kontua dela bezain erosoa da pentsatzea bortxatzaileak etorkinak direla eta ez gure senide, maitale edo lagunak.
Ez dut ukatuko lasaigarria dela VOXek aulki bakar bat izatea Eusko Legebiltzarrean eta ordezkaritzarik ez izatea Bilboko Udalbatzan. Alabaina, horrek ez du esan nahi ultraeskuineko diskurtsoen legitimazioak gurean eraginik ez duenik.
Orain dela hamabost urte, halako iruzkinak ohikoak ziren hedabideetan (ondo dakit, Bizkaiko SOS Arrazakeriako bozeramaile nintzen orduan), baina jauzi handia izan da faxistak instituzioetara heldu direla ikustea, Hego zein Ipar Euskal Herrian. Anonimotasunak errazten du gorroto diskurtsoak zabaltzea, eta aldi berean, gero eta armairu gutxiago behar dituzte gorrotatzaileek.
Amaitzeko, bideo horretako nire iruzkin kutuna (euskaratua): “Zer neurriko deskonexio emozionala edo gorrotoa izan behar duzu, hau egin edo txalotu ahal izateko?”.