Energia politikek haserreak eta desadostasun sakonak sortu dituzte ekologisten artean. Ez da gauza berririk. Hemen eta atzerrian. Hemen eta orain, nabarmen. Duela bi urte, 2023ko udaberrian, gure ikerketa taldeak (ekopol.eus) hiru mahai-inguru antolatu zituen Donostian, Gasteizen eta Bilbon, askotariko eragileekin, energia berriztagarrien politiken azterketa egiteko gogoz. Paradoxikoki, diskurtsoen arteko desberdintasunak parekotasunak baino handiagoak suertatu ziren. Eta urte bi pasa ahala, gure borondatearen aurka, klima politikoa ez da baretu. Aritz Otxandiano Fagorrek jasangarritasun arduradunaren aurkako bengalak sektarismoaren azken seinale krudela izan dira.
Trantsizio energetikoa edonon aipatzen da, nazioarteko instituzio politiko eta komunikabide nagusietatik, auzo edo komunitate txikietaraino, eta nago ez garela ari gauza bera seinalatzen eta adierazten. Garapen sostengarriaz edo demokrazia parte-hartzaileaz gertatu zaigun moduan. Baina bizitzen ari garen koiuntura ekosozial kritikoak galdera ugarirekin interpelatzen gaitu. Ez al da Ukrainako gerra energiaren afera bat? Euskal Herrian dugun zor energetiko eta ekologikoa energia berriztagarriekin kitatuko dugu? Nork gidatu behar du eraldaketa energetiko hori eta nola pasako gara maila lokaletik Euskal Herriko mapa energetiko ekosozialista (ekokapitalista badugu jadanik) oso bat diseinatzera? Zeintzuk izango dira plangintza horren erdiguneko ardatzak?
Nork gidatu behar du eraldaketa energetikoa eta nola pasako gara maila lokaletik Euskal Herriko mapa energetiko ekosozialista oso bat diseinatzera?
Sistema energetiko kapitalistak ez ditu inoiz muga ekosozialak onartuko. Handitzean eta pilaketan ditu bere arima eta funtsezko izaera, desjabetzearen bitartez, noski, David Harvey-k dioenez. Horregatik, nire uste apalean, bideratzen ari den trantsizio teknologikoa antzua da. Ez dakar deskarbonizaziorik eta bide horretatik klima aldaketaren politiken iruzurra politika energetiko erratuekin nahasten da. Europako Batasunak gasari eta nuklearrari trantsiziozko energia berdeak deitzea adibide gordina dugu.
Energia berriztagarrien “inplementazio ordenatua” eta justua egiteko, desazkundea eta planifikazioa dira ezinbesteko tresnak. Ez eduki dudarik, korporazio multinazionalak planifikazioaren txapeldunak dira. Baina euren plangintzetan mozkin pribatua edo krematistika-irabaziaz aparte ez dago beste ipar orratzik. Duela gutxi ezker abertzaleko lagun on batek esan zidan: “Zer nahi dugu, Repsol eta Iberdrola soluzioaren parte izatea edo arazoarena?”. Nire ustez, korporazio horiek dira arazoa. Osoa!