It's on
JOHN DEALER & COCONUTS
Ghost Highway, 2025
------------------------------------------------------
Adin batetik aurrera kontzertuak, diskoak eta kantuak bizkarrean eta burmuinean pilatuta, eta musika entzuteko denbora murritzagoa bilakatuta, taldeak bilatu eta aukeratzeko unean aurreiritziek pisu handiagoa hartzen dute zoritxarrez; are gehiago, denbora luzean sakondutako musika estiloetan. Denbora eskasiaren eta aipatutakoaren ondorioz, badira ezinbestez bazterrean gelditzen diren tona talde.
Halako zerbait gertatu zait, besteak beste, John Dealers & The Coconuts taldearekin. Punk-rock, rock-and-roll, high-energy eta antzekoen betekada kontzientea izan ostean, oharkabean pasa zait, adibidez, Legazpiko laukote hau aspaldian. Bada, It´s on laugarren lanak harrituta utzi nau. Tarteka Hellacopters-ek biziberritu zuen nerbio biziko hard-rocka, hainbeste zabaldutakoa, ikur badute ere, oso dotorea da emaitza, eta ingelesezko dikzio sinesgarri eta sentikorra dauka.
Taldeak erdietsi du heldutasun instrumental eta musikala; eta, hain justu, hamar urte bete dituela ospatzeko Garate estudioan grabatu ditu soinu oso onarekin honako zazpi kantuak, bi ekoizle berezi eta jakitunen laguntzarekin: Eskandinaviako rockaren bultzatzaile Ola Ersfjord eta power-poparen azti Kurt Baker estatubatuarrarekin.
White gloves-ek Sewergrooves-en esentzia eta indarra dauzka, afinazio bereziarekin, zikinkeri eta gardentasunaren arteko oreka lortuta. Gainera, badu nolabait Lynott-en arima ere. Out of experience-ren bidaian kopilotoaren eserlekuan doa High visibilty eta –ausartuko nintzake esaten– Rick Ocasek bera ere. Stop (now!) da 1960ko hamarkadako handitasunetik abiatuta power-pop eta hard-rockaren mugak aztertu eta zeharkatzen dituen pieza berezia. Diskoaren B aldean, berriz, memorabilia lana egin dute taldeak idatzitako lehen kantua (No one says goodbye), rock-and-roll azeleratu eta aztikeriakoa dena, ia psychobilly bihurtuz. Eta, bukatzeko, bi opari: Sons of a revolution balada rockero oso sentikorra; eta L.A.gazpiko soinu sarkorraz gain, gitarrero eta wah-wah zelatzea daraman Set on fire zaldi eroa.