argia.eus
INPRIMATU
Gorputz hotsak
“Ikasi behar dugu ez dela normala izugarrizko mina izatea hilekoarengatik”
  • Sare sozialetako argitalpen baten bidez, otsailaren 23an, Ane Santesteban txirrindulariak (Errenteria, Gipuzkoa, 1990) endometriosia daukala iragarri zuen. Diagnostikoak lagundu egin dio ulertzen zergatik batzuetan gaizki sentitzen den bizikletan: “Kisteak aldaka okertzea eragiten zidan eta horren ondorioz, postura ez aurkitzea. Oso okertuta nindoan bizikletan”.

Olaia L. Garaialde 2025eko maiatzaren 14a
Argazkia: Laboral Kutxa

Minak ezinduta, nahi baino lehenago amaitu behar izan du entrenamendua Ane Santesteban txirrindulariak. Laboral Kutxa taldeko kideak, hilekoarekin dagoelarik, endometriosiaz solastatzeari ekin dio. Kontatu du iazko urtarrilean, umetoki barruko gailua kentzea erabaki zuenetik, “izugarrizko mina” sentitzen hasi zela hilekoarengatik: “Txirringan gaizki sentitzen hasi nintzen, indarrik gabe, eta sintoma arraro pila bat nituen”. Fisioak esan zion obarioaren inguruan atxikidura pila bat zituela eta ez zela normala. 2024ko urriaren 31n, ginekologoak esan zion kiste bat zeukala obarioan eta endometriosia. Gerora jakin du atxikidurak horren sintoma direla.

Endometriosia hantura eta mina eragin dezakeen oinaze kroniko bat da.  Endometrioa uterotik kanpo sortzen denean gertatzen da; hala nola obarioetan, tronpetan, hesteetan edota kolonean sortu daiteke. Hilekoa daukaten pertsonen %10ari eragiten dion arren, gaixotasunaren inguruko ezjakintasun handia dago oraindik. Santestebanek, esate baterako, diagnostikoa jaso aurretik ez zekien deus endometriosiaren inguruan: “Lan handia dago endometriosia ezagutarazteko. Gaiaz hitz egiteko arrazoietako bat gaixotasunari ikusgaitasuna ematea izan da”. Sare sozialen bidez eman zuen horren berri, eta berehala mezu ugari jaso zituen: “Polita izan da komunitate horren babesa sentitzea”.

Gaineratu du oraindik “tabu handia” dagoela hilekoaren bueltan, kosta egiten dela gaiaz hitz egitea eta joera dagoela mina hilekoarekin lotzeko: “Ikasi behar dugu ez dela normala izugarrizko mina izatea hilekoarengatik. Min pixka bat bai, baina horrenbestekoa ez”. Horregatik, uste du horrelako gauzak partekatzea lagungarria dela: “Azkenaldian, bereziki sare sozialetan, ematen du dena polita dela, baina bidea ez da erraza eta denok ditugu arazoak eta oztopoak. Uste dut ederra dela jendeak ikustea pertsona normalak garela”. Hori dela eta, gogora ekarri ditu Demi Vollering txirrindulariak Lieja-Bastogne-Liejan hirugarren sailkatu ostean esandako hitzak: “Esan zuen beste momentu batean hirugarren postuarekin bere buruarekin haserre egonen zela, baina egun horretan pozik zegoela hilekoarekin zegoelako eta izugarri sufritu zuelako”.

"Ginekologoak argi esan zidan ez dela sendatzen, baina medikuak esan bezala, pilulek bizi kalitatea eman didate"

Diagnostikoa jaso duenetik ez du entrenatzeko modua aldatu, baina endometriosia daukala jakiteak lagundu egin dio ulertzen sintomen zergatia. Adibidez, iaz ez zuen bizikletan postura aurkitzen, baina ez zekien eskuineko obarioan zeukan kiste batengatik zela: “Kisteak aldaka okertzea eragiten zidan eta horren ondorioz, postura ez aurkitzea. Oso okertuta nindoan bizikletan. Biomekanikako proba asko egin nituen postura hobetzeko, baina noski, ez nekien zergatik zen”.

Antisorgailuak hartzen dituenetik min gutxiago sentitzen duen arren, hilekoarekin dagoen egunetan min “handia” izaten du. Hori dela eta, batzuetan “zaila” egiten zaio frustrazioa eta ondoeza kudeatzea: “Ez naiz bizikletan ateratzen gustatzen zaidalako soilik, goi mailako txirrindularia naiz. Orduan, oso exijentea naiz eta gustatzen zait entrenamendu osoa egitea. Hau da, ordu eta erdi egin behar badut, ordu eta erdi egin”. Hala ere, minagatik, batzuetan uste baino lehenago jaitsi behar izaten du bizikletatik. Diagnostikoa jasotzeak lagundu egin dio hori ulertzen: “Egun batzuetan ezin dut. Gaur adibidez, benetan saiatu naiz luzatzen, baina ezin nuen gehiago, izugarrizko mina nuelako, eta etxera itzuli naiz”.

Endometriosiak ez dauka guztiz osatzeko tratamendurik, baina neurriak har daitezke sintomak baretzeko. Santestebanen kasuan, momentuz, pilulek lagundu egiten diote: “Ginekologoak argi esan zidan ez dela sendatzen, baina medikuak esan bezala, pilulek bizi kalitatea eman didate”. Horrez gain, zoru pelbikoko fisiora eta osteopatara doa eta hanturaren aurkako elikadura jarraitzen du; hala nola antioxidatzaileak, omega 3, kurkuma eta horrelako elikadura osagarriak hartzen. “Momentuz, gauza txikikiekin saiatzen ari naiz, baina iritsiko da puntu bat zeinetan beste zerbait egin beharko dudan”, esan du.

GORPUTZEKO ATAL BAT?

“Hankak. Txirrindularitzan ibili naiz nire bizitza osoan, eta hankak parterik garrantzitsuena dira”.