Urteak ziren elkar ikusten ez zutela. Kalean elkarrekin topo egiten ez zutela. Egoera kanpotik ikusita, bi ezagun besterik ez ziruditen. Atzean daude, oso atzean, gaztaro hasierako urte bizi haiek, non kuadrilla bereko lagunak ziren. Non eguna eta batez ere gaua konplizitatez partekatzen zuten, mundua aldatuko zutela aldarrikatuz.
Bata terraza batean jarrita, maiatzeko eguzkiak masailak gorritzen zizkion. Bestea kopetan izerdi puntu bat zuela agertu da, itzalpe baten bila. Aspaldi gertatu gabeko topaketak begiak zabaltzea ekarri die biei. Hamar minutu inguruko solasaldia egin dute. Hasieran, osasun kontu batzuk aipatu dituzte. Geroago, gurasoen zahartzeaz eta seme-alaben hezkuntza erronkaz aritu dira. Gaingiroki.
Distantzia adostu horretatik mintzatu dira. Eroso antzean. Terrazan zegoenak ez du bestea esertzera gonbidatu, eta oinez zihoanak ez du bertan gelditzeko keinu nabarmenik egin. Gatazkarik ez, beraz.
Iragan partekatua baizik ez duten bi lagunak konforme agertu dira topaketa kudeatzeko moduarekin. Oraina ulertu eta praktikatzeko erarekin. Denboraren joanean elkarrekiko jakin-mina edota gorputz grina galtzea normalizatu duten bikotekideen gisara.