argia.eus
INPRIMATU
Desberdinkeriaren jatorriaz
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2025eko maiatzaren 14a
Duela 5.000 urte Mohenjo-Daro hirian gizarte-desberdintasun koefizientea oso baxua zela ondorioztatu dute. Argazkia: STDC
Duela 5.000 urte Mohenjo-Daro hirian gizarte-desberdintasun koefizientea oso baxua zela ondorioztatu dute. Argazkia: STDC

Indo ibaiaren harana, duela 5.000 urte inguru. Mohenjo-Daro hiriak 35.000 biztanle inguru zituen eta, berriki PNAS aldizkarian argitaratutakoaren arabera, Giniren koefiziente oso baxua zuen, 0,22koa –koefiziente horrek gizarteen desberdintasun ekonomikoa neurtzen du, errentaren banaketaren kontzentrazio mailaren bidez, eta 0 eta 1 arteko balioak erabiltzen ditu–. Mohenjo-Daroko datuak adierazten du, komunitate horrek berdintasun maila altuari eutsi ziola Neolitiko iraultzaren ondoren ere, orain arte uste izan dugunaren kontra. Jean-Jaques Rousseauk Gizakien arteko desberdintasunaren jatorriaz (1775) lanean mahaigaineratu zuen hipotesia indartu besterik ez da egin azken mendeetan: nekazaritzak komunitateen sedentarizazioa, hirien sorrera eta soberakinak eragin zituen eta, horrek, ezinbestean, desberdintasun sozial eta ekonomikoak.

Baina Mohenjo-Darorena ez da salbuespen hutsa. PNAS aldizkarian argitaratutako lanean, Gini proiektuko 11 ikerlanek egin dute bat. Guztira, azken 10.000 urteko 1.000 aztarnategi inguruko 53.000 etxebizitza aztertu dituzte, errentaren gaineko daturik ezean, etxebizitzen tamaina hartu baitute oinarri. Chicagoko Field Museoko antropologo Gary Feinman-en hitzetan. “Etxebizitzen tamainak agian ez du ondasunen diferentziaren magnitude osoa islatzen, baina desberdintasun ekonomikoaren adierazle sendoa da”.

“Zenbat eta gizarte konplexuagoa, orduan eta desberdintasun handiagoak daudela uste izan dugu luzaroan, baina orain ikusi dugu ez duela zertan horrela izan”

Ikerlan zabalaren lehen ondorio nabarmena emaitzen aniztasuna da, alegia, desberdinkeriaren garapen bateratu eta linealik ez zela egon. “Zenbat eta gizarte konplexuagoa, orduan eta desberdintasun handiagoak daudela uste izan dugu luzaroan, baina orain ikusi dugu ez duela zertan horrela izan” dio Feinmanek.

Durhameko unibertsitateko Dan Lawrence-ren ustez, aldiz, ondoriorik interesgarriena beste bat da: “Nekazaritzaren sorreraren eta desberdinkeriaren hazkundearen artean denbora-desfase nabarmena dago”. Aztertutako komunitate batzuetan ondasunen kontzentrazio desorekatua nekazaritza garatu eta berehala gertatu arren, ikertutako kasu gehienetan desberdinkeriak denbora asko behar izan zuen gora egiteko, milaka urte zenbait kasutan. Ikerlanetako baten izenburuak garbi adierazten du hori: Ondasun-berdintasunezko 100 belaunaldi trantsizio neolotikoen ondoren.

“Atzerapen” horri ez diote oraindik azalpen garbirik eman, baina Lawrencek tradizioaren garrantzia nabarmentzen du: “Ehiztari-biltzaileen komunitateen  berdintasunezko arau kulturalek luzaroan eutsi zioten, eta litekeena da horri esker lehen nekazariek berdinketa-mekanismo sendoak izatea desberdinkeriari bidea oztopatzeko”.