Bilboko Kafe Antzokian, hemen argitaratutako nire kolaborazioen bilduma den Zapalduon pedagogia liburuaren aurkezpenean, entzuleen arteko emakume batek bota zidan galdera. Ohikoak ditudan gaiak aletuz joana nintzen hitzaldian, eta Euskal Herriaren egungo egoeraren kezka jada mahai gaineratua zenez, horren hariko gogoeta gisa etorri zen galdera.
Interesgarria, pentsatu nuen. Gure ibilbideak izan duen emaitza txarraren aitortza egiten duelako, eta gugan (ere) jartzen duelako emaitza txar horren ardura, "gaizto"-ek egiten diguten horretatik at, gertatzen zaigun horren aurrean geuk eduki beharreko jokabideari eta estrategiari begira jartzen gaituelako. Introspekzio komunitario baten beharra iradokitzen du, zintzoa eta autokonplazentziarik gabea beharko lukeena.
Asko mobilizatu den herria gara, ekimen gaitasun handikoa, baina, hala ere, apenas garaipenik gabea, eta etengabeko porrotak etsipena baitakar, helburua lortzea ezinezkoa dela pentsatzerainokoa, herria pixka bat amore emanda bezala dago orain, erresistentzia egiteari utzita, nolabait, asimilazioaren bidea erraztuta.
Ardura klase politikoarena da, herri batek ez diolako inoiz uzten den horri izateari bere borondatez, baina ustez politikaz dakitenengan delegatzen du, indarra nondik eta nola bideratu behar duen ongi dakitelakoan. Kontua da eskaintzen dioten bidea antzua dela, jada frogatua dagoen bezala, eta hala izanik ere hor segitzen duela, saltzen dioten ilusioaren kea erosten, "orain bai, une ezin aproposagoa" delakoan.
Askatasun nazionala erdiesteko Espainiako eta Frantziako instituzioen bidea proposatzen dutenak zuzenean ari zaizkio askatasun nazionalari uko egiten
Askatasun nazionalaren aldeko borroka populu baten biziraupenerako borroka da, giza duintasunaren eta identitate-eskubideen aldekoa, eta beraz, erabat oinarrizkoa eta funtsezkoa. Baina askatasun nazionala erdiesteko Espainiako eta Frantziako instituzioen bidea proposatzen dutenak zuzenean ari zaizkio askatasun nazionalari uko egiten, erakunde horietan ez dagoelako horretara iristeko inolako biderik.
Estatu menderatzaile modernoek existitzen ez den baina egingarria dirudien esperantzarako bidea seinalatzen dute, gu desbideratzeko helburuz, betiere. Oportunismoa eskaintzen digute, edo onura probisional eta azalekoak lortzearen aukera, baina gure kokaleku politiko eta ideologiko funtsezkoa alde batera uztearen truke, hori baita azkenean beraien helburua, logikoa denez.
Baina inperialismoa "erreformatzea" posible ez ezik beharrezkoa ere badela etxetik beretik zaigu esaten, bere eskakizun eta baldintzei men eginda errespetua eta errukia lortuko ditugula sinestarazita. Mobilizazioak antolatzen dira horretarako, oso efektista dirudien baina azkenean efektibotasun politiko ezdeusa duen agitazioa besterik ez eraginda, menderatzaileen aldekoa delako gero Euskal Herriak egiten duen politika. Gurea erreakzio-politika da, probokazio-kanpainen bitartez oso erraz erabakitzen baitute gure norabide politikoa.
Politika sinesgarria ez daukan herria beti da propaganda inperialistak sustatzen dituen ilusio eta soluzio errazen biktima, ilusioaren ondotik desilusioa datorrelako, eta frustrazioa, eta desesperazio politikoa. Gure indarra ezarri behar dugu askapen eta erresistentzia politika koherente baten zerbitzura, zeinak printzipio bezala izango dituen estatu menderatzaileen aparatu politiko eta ideologikoari erresistentzia egitea eta estatu-erakunde propioak eraiki edota berrezartzea. Ez da existitzen printzipio horiei iskin egitea ahalbidetzen duen inolako biderik.