Pandemiak agerian utzi ditu, bere gordintasun osoan, zaharren, haurren eta dependentzia egoeran dauden herritarren arreta-eredu neoliberalaren ondorioak. Konfinamendu garaian loratutako diskurtso kritiko eta alternatiba komunitarioak sendotzeko unea da orain”. Horrela hasi nuen Gakoak-erako idatzi nuen erreportajea: ‘Zaintza sistema. Kaka ongarri bihurtu’. Izenburua elkarrizketatu baten aipuari zor diot: “Baliteke, kaka ongarri bihurtu dezakegu. Baina amorrua ematen dit krisi baten bultzakada behar izateak”.
Pasa den asteko argindar eten luzeak konfinamenduko egoera ekarri zigun gogora, baina zaurgarritasun ukitu berri batekin. Pandemia aroa hiperkonexioarekin konpentsatu genuen bitartean, komunikatzeko aukera transistoreetara eta auzokoekin hitz egitera (hara!) murriztu da oraingoan. Nik goxo eman nuen arrastia etxean, bakardadeaz gozatzen, liburua eskuan, leihoan zeru oskarbiari begira eta belarria erne bizilagunak soroan lan egiten zuen bitartean piztuta zuen irratiko berbak ulertzeko. Alabaina, sare sozialetara sartzea lortu nuenean eta Madrilgo Cañada Real auzoan lau urteko itzalaldia daramatela irakurri nuenean gogoratu nuen itxialdiko lezioa: halako salbuespen egoeren erromantizazioa klase-pribilegioa dela.
Ultraeskuindarrek halako mugarriak baliatzen dituzte beldurrak, gorrotoa eta teoria konspiranoikoak xaxatzeko. Ezkertiarron lana, aldiz, izan ohi da koiunturala dirudien hori krisi sistemikoarekin lotzea. Zaintza krisia izan bazen 2020ko gai nagusia, energiarekiko dugun menpekotasuna utzi du agerian pasa den asteko gertakariak, Eneko Imaz Galparsorok artikulu batean azaldu bezala.
Ezohiko itxialdi-itzalaldiak aldaketa sakonak ahalbidetu beharko lituzkeen hausnarketarako abaguneak dira. Hala bizi ditugu askok, nahiz eta eguneroko hautuei dagokionez ere erraza den “normalitate zaharrera” bueltatzea. Nire galdera da zer bultzakada mota behar duten gobernatzen gaituzten psikopatek gizatasunarekin eta zaurgarritasunarekin konekta dezaten behingoz eta, esaterako, Israelgo Estatuarekin harreman diplomatiko, komertzial eta militar guztiak bertan behera utzi ditzaten.