argia.eus
INPRIMATU
Lurraldea eta arkitektura
Euskadi industriala
Ula Iruretagoiena 2025eko maiatzaren 07a

Euskadi markak, eraikuntza sektoreko ekonomiaren  estrategian, “industrializazioa” mantrarako hitz gisa hartu duela jakinarazi berri du Eusko Jaurlaritzak. Etxebizitza publikoaren eraikuntzan industrializaturiko prozesu eta elementuak lan guztien %65a izatea eskatuko du. Ez dakigu zehazki zelan definituko duen industrializazioa, baina Euskadi hitzaren ondoan ongi doa, indarra du eta gure iraganarekin loturan jartzen gaitu. Industrializaturiko arkitektura altzairuaren gorakadarekin jaiotakoa baita, eta eraikuntzako lanak tailerrean egitearen funtsa du, eraikuntza lehorra esaten zaio eta horrekin batera arkitekturako lanak “lego edo mekano” baten antza hartzen du, muntatzeko eskulan espezializatuagoa eskatzen duena. Dakiguna da, industrializazioren alde egiteak eraikuntza “jasangarria”, “segurua”, “kalitatezkoa” eta “azkarra” bilatzen duela Lakuak, eta etxebizitzaren gatazkan lagun izan daitekeela sinesten duela. Eta esan gabe badago ere, bizigarria eta estetikoa izatea bilatu beharko du gainera (espero).

Gaur egungo eraikuntza lan asko “eskuekin” burutzen dira eta in-situ obra-lekuan bertan. Honek ez du esan nahi artisautzako eraikuntza denik, artisautzak eskulan fin bat suposatzen duelako, ofizio bati lotua, Euskadiko eraikuntzako sektorean galtzen ari den egiteko modu bat. Belaunaldia erretiratutakoan, euskal eraikitzaile artisau gabe geldituko gara. Artisautza eta industrializazioa bateratzeak elkarlan bikainak eman ditzake, baina bi eraikuntza bide ezberdin direnez gero, elkarrekin lanean jarri nahi badira, bultzatu egin behar da, ez da berez emango. Irla Balearretan lan zoragarria egiten ari dira, etxebizitza publikoko administrazioak bertako bio-materialekin eraikitzeko apustuan. Horren ondoan, Euskadiren irudikapenak industriari lotuta joan nahi du, ingeniaritzaren eta eraginkortasunaren ikurrarekin lurraldetasun eredu jakin bat eraikiz.