Kartago, K.a. 814 inguruan. Feniziarrek kolonia bat fundatu zuten, eta Mediterraneo ekialdean nagusi zen zibilizazioa mendebaldera hedatu zen. Bi mende eta erdi geroago, Tiro feniziar metropolia gainbehera etorri zenean, Kartago independizatu egin zen eta bere eragina Mediterraneo mendebaldean hedatzen jarraitu zuen hiriburu punikoak. Baina feniziar hizkuntzari, literaturari, arteari eta erlijioari eutsi zion. Gainera, feniziar eta puniko hitzak sinonimoak dira, lehenak grekera jatorri izanik eta bigarrenak, aldiz, latina. Beraz, logikoa zen pentsatzea genetika ere partekatzen zutela, feniziarrek ustez mendebalderantz egindako migrazio masiboen ondorioz.
Baina azken bost urtetan sei herrialdetako 70 ikerlari inguruk hipotesia bertan behera uztea lortu dute, Tunis, Sizilia, Eivissa, Almeria, Malaga edo Cadizeko hilerri punikoetako DNA aztertuta. Hamabi hilerritan aurkitutako 210 gorpuren arrastoak aztertu dituzte guztira, eta Nature aldizkarian argitaratu dute ondorioa garbia: kolonia horietako biztanleek ez zuten inolako ahaidetasun genetikorik Ekialde Hurbileko jatorrizko feniziarrekin.
“Kartagotarrena ezagutzen dugun lehen globalizazioa da, bi kontinente, Europa eta Afrika, hartzen dituena”, laburbildu du Carles Lalueza-Fox Bartzelonako Natur Zientzien museoko zuzendari eta ikerlanaren egile nagusietakoak
Gehienak Afrika iparraldeko, Siziliako edo Greziako biztanleekin nahastutako tokiko populazioaren oinordekoak ziren. Horrek esan nahi du feniziar kultura ez zela migrazio masiboen bidez hedatu, kultur transmisioaren eta asimilazioaren bidez baizik.
“Kartagotarrena ezagutzen dugun lehen globalizazioa da, bi kontinente, Europa eta Afrika, hartzen dituena”, laburbildu du Carles Lalueza-Fox Bartzelonako Natur Zientzien museoko zuzendari eta ikerlanaren egile nagusietakoak. Lehen kosmopolitismo saiakera horretan, kataluniar genetistak Bariako (Almeria) aztarnategiaren adibidea nabarmendu du; hainbat gorpuren DNAk adierazten du greziar jatorrikoak zirela. Beraz, “hiri puniko batean bizi zen komunitate greziarra zen”. Gainera, Bariako hilobietako batean ostruka arrautza apaindu bat aurkitu dute eta horrek esan nahi du komunitate horrek Afrika Iparraldearekin loturak zituela. Beste lotura harrigarri bat ere aurkitu dute, kartagotarren mugikortasun handiaren seinale: Kartagoko hilerrian aurkitutako indibiduo bat eta Siziliako beste bat lehengusu txikiak ziren.
Patxi Perez-Ramallo Bruselako Unibertsitate Libreko bioarkeologia taldeko ikerlariaren ustez, ikerlan zabal honek azterketa bide ugari zabaltzen dizkie arkeologo eta historialariei: “Nola funtzionatzen zuten feniziarren hasierako koloniek? Zer esan nahi du benetan feniziar edo kartagotar izatea? Eta nola definitzen zuten kultura horiek beren identitatea?”.