Zuzi iraxegia. euskal emakume idazleak eta literatura klasikoa
Amaia Alvarez Uria
Testu zaharrak, 2024
----------------------------------------------------------------
Liburua esku artean izan aurretik ere arnas luze bat atera zitzaidan barru- barrutik: “ze beharrezkoa”, edo horrelako zerbait esan nahi zuen. Euskal Filologiako ikaslea nintzeneko literatura eskolak oroitu eta elizgizonek idatzitako testu erlijiosoen kantitate harrigarria gogoan dut oraindik. “Hau al da euskaldunok idatzi dugun bakarra? Euskaldun gizon eta apaizek bakarrik idatzi al dute?”, pentsatzen nuen orduan. Orduko galderei erantzun batzuk ematen dizkien liburu honen bi ale erosi nituen, badaezpada.
Sarrera eta Iratxe Retolazaren hitzoste bikainaz gain, sei kapitulu ditu liburuak, XIV. mendetik hasi eta XX. menderaino euskal emakume idazleek kontatutako edo idatzitakoak ordena kronologikoan banatuta. Kapitulu guztiak mende bakoitzeko kokapen sozio-historikoarekin hasten dira. Horrek liburua bereziki pedagogikoa eta dibulgatzailea izatea egiten du, ikasteko gogoa pizten du. Gero, mende bakoitzari dagozkion testu adibideak jasotzen ditu, ahozko transmisiotik jasoak asko, orain arteko antologia osatuena sortzeko. Duela hamarkada pasa ikasi nuen karrerarekin rekontziliatu nau gure genealogia femenino eta feminista bat –Retolazak ere azpimarratzen duen moduan– liburuan jasota ikusteak. Osorik irakurri dudan arren etengabe itzuliko naizen liburu horietako bat da, zalantzarik gabe. Eta, amaitzeko, testu horien iruzkina ere egin du Alvarez Uriak. Horrek irakasle ere bagarenontzat eskuliburu ezinbestekoa bihurtzen du liburua.
Aipamenak eta iturriak askotarikoak dira: iraganekoak eta oraingoak, ahozko jatorrizkoak zein idatzizkoak, klasikoak eta modernoak, gizonek eta emakumeek egindako ekarpenak… freskotasun eta gaurkotasun handia emanaz liburuari. Orain arteko panorama literarioa zabaltzeko proposamena egiten du idazleak. Euskal literaturari buruz egin dugun orain arteko kontakizuna baino osatuago den beste bat egiteko aukera eskaintzen zaio irakurleari (eta kritikariari, irakasleari, teorilariari eta abarrari).
Apirilaren 20an astekari honetan bertan egindako elkarrizketan hau adierazten du: “Eztabaidarako proposamena da nire liburua, elkarrizketa pizteko nahia du”. Eta kanonari buruz, genealogiari buruz eta kontatzen (ez) dugunari buruzko hausnarketa iraxegiko duela desio dut nik ere. Euskal literaturaren historiari Amaia Alvarez Uriak egin dion ekarpena handia da-eta.