Esperoan
Hiuzz
Autoekoizpena (egun motelak kolektiboa), 2024
Ohartu gabe igarotzen diren taldeen multzoa gero eta handiagoa da, edo inoiz baino handiagoa, behintzat. Hiuzz taldearen Esperoan lanak hilabete batzuk badituen arren, ez nuen ganoraz entzuteko denborarik asmatu. Eta a ze pena. Pop elegantearen beste harribitxi bat gehiago etorri da hiri buruzagitik eta!
Talde bat aurkezteko beste talde bat aipatzearen tradizioan, Beti Mugan hondarribiarrak ekarriko nituzke. “Jack Kerouac non ote dago?” lelo itsaskorrekin zerikusi gutxi duten arren, iruindarrek badituzte melodia ederrak, erritmo aldaketak eta kantu ikonikoak. Urte batzuk barru —argindarrak existitzen jarraitzen badu— egongo da gazterik esaten: “2020ko hamarkadako Iruñea zer zen! Hiuzz, Borla, Tatxers, Ibil Bedi... zenbat diskotzar!”. Halaxe da Esperoan. Oharkabean igarotzera deituta dagoen diskotzarra.
Soilik gizonez osatutako taldeek badute atzeraka egiten didan winner izaera hori. Loser-aren posizioa askoz gehiago maite dut, batez ere umiltasunaren beharra ematen dizulako. Zaila da ego-tripa ekiditea aretoak bete eta entzuleak fan bihurtzen direnean. Oharkabean pasatzen denarentzat, ordea, handinahikeriek ez dute zentzurik, eta pasioa zintzotasunarekin betetzen da.
Gero kritikatuko du inork “undergroundaren erromantizazioa” (zerbait txarra balitz moduan, gainera). Ez, honbre. “Undergroundaren apologia” da galtzaileen bandoaren kontsigna. Nahikoa desastre dira eta giza mundua eta sortzen ditugun harreman sareak. Kultura izan dadila geure buruak eraldatzeko tresna, “zenbat aldatu zaren, kamarada” leloari “eskerrik asko” batekin erantzuteko”.
Galtzaileen bandoan ez dago presarik, ez dago exijentziarik, ez dago marketin planik. Bide xumea egiteko ekarpena da. Mundu bat nahieran eraikitzeko aukera da: “Aurrean duzuna desagertu egingo da klik batean, batean… Mundu bat, berri bat, loratu egingo da, nahieran, nahieran…”. Biba Hiuzz, beraz!