argia.eus
INPRIMATU
Datu zenbait argitaratu, emaitza osoa ezkutatu
Mikel Basabe Kortabarria 2025eko maiatzaren 07a

Hezkuntza Sailak ebaluazio diagnostikoen berri eman zuen otsailean: 2023ko etapa erdikoa eta 2024ko etapa amaierakoak izan zituen hizpide. Emaitza negargarriek egiturazko arazoa dugula erakutsiko luketenez, sailak erabaki zuen tramitea bete bai (ED 23 eta 24 txosten exekutiboak argitaratu), baina emaitzak ezkutatzea.

Horrela, beste behin ere, Hezkuntza Sailak jarraituko du egiturazko arazoari egiturazko erantzunik eman barik.

Har dezagun 2013ko etapa erdiko ebaluazio diagnostikoa, ordenagailuz egin zen lehena. Urte hartan, Lehen Hezkuntzako 4. mailako txosten exekutiboak 116 orrialde zituen, zeinetan emaitzak xehe-xehe aletzen ziren. Urte bereko DBH 2ko txosten exekutiboak 124 orrialde zeuzkan.

Har dezagun etapa amaierako ebaluazio diagnostikoaren lehenengo txosten exekutiboa, 2022koa. Horretan, 2018ko eta 2022ko emaitzak aurkeztu zituzten, bai LH 4koak, bai DBH 2koak: 173 orrialde behar izan zituzten.

Gatozen orain aurtengo txosten exekutibora: 2023ko ebaluazio diagnostikoa aurkeztu dute (LH 4 eta DBH 2), baita 2024ko etapa amaierakoa ere (LH 6 eta DBH 4). Ebaluazio diagnostiko desberdin biren lau mailatako datuak aurkezteko, 26 orrialdeko txosten exekutiboa.

240 orrialde 2013an; 173, 2022an; 26, 2024an. Kuantitatiboa horraino. Goazen orain kualitatiboarekin.

Hezkuntza Sailak diosku DBH 4ko ikasleen %22k euskarazko hizkuntza-konpetentzia aurreratua dutela, baina ahozko konpetentzia neurtu barik

Hezkuntza Sailak kontzeptu engainagarriak erabiltzen ditu. Esaterako: DBH 4ko ikasleen %22k euskarazko hizkuntza-konpetentzia aurreratua dutela diosku, baina ahozko konpetentzia neurtu barik. Hau da, ez daki ikasle horiek ondo konpontzen ote diren euskaraz berbetan. Argi gera bedi: Hezkuntza Sailak erabaki egin du DBHko ikasleei ahozko konpetentzia ez neurtzea; 2018an 1.000 ikasleri neurtu zien, ez zituen emaitzak txosten exekutiboan argitaratu (ez beste inon, nik dakidala) eta harrezkero ez du berriro neurtu derrigorrezko hezkuntza amaitu duten ikasleen ahozkotasuna. Beraz, ezin da esan 16 urteko ikasleen %22k euskarazko maila aurreratua dutenik, ezta %54k erdiko maila dutenik ere.

Bestetik, ebaluazio diagnostikoetan A eta B ereduak batu eta, ikastetxearen kokapenaren arabera, D eredua bitan zatitzen dute: euskaldunak herritarren %50etik gorako eta beherako udalerria den. Baina argitaratutako emaitzetan ez da islatzen: ez dakigu B ereduko zenbat ikasle dagoen maila egokian edo aurreratuan (B1 onartzen zaie DBH amaitzean, A eredukoei ez bezala) eta ez dakigu D eredu bakoitzeko ikasleen emaitzak zein diren. Nahiz eta azken hori funtsezkoa den, konturatzeko euskara-gaitasunaren fokua ikastetxetik kanpora ere ipini behar dela.