argia.eus
INPRIMATU
Bizitza birziklatzen
Inma Errea Cleix @inmaerrea 2025eko maiatzaren 07a

Bi toki diferentetan egokitu zait garbiketa egitea aldi berean. Ez garbiketa arrunt bat, baizik eta egunerokoan inguratzen gaituzten paisaiak beste era batean arakatzera behartzen gaituen hori, kanpoko objektu fisikoekin batera norberaren baitako egiturak ere mugiarazten diguna.

Bi toki funtsezkotan egokitu zait: lantokian eta etxean.

Lantokikoa badoa arin, ez baita soilik nirea, baizik eta kolektiboa, eta partekatzeak beti dakar onura. Etxekoa ariketa bakartiagoa da, eta horregatik zailagoa.

Lydia Flem belgikarraren Nola hustu nuen gurasoen etxea (Alberdania, 2005) liburua irakurri eta gero hustu behar izan nuen neureen etxea, eta baieztatu nuen liburuak zioena. Besteak beste, gurasoen etxea hustuta haurtzaroko bizipen sakonei eman behar diegula aurpegi.

Helduaroko eszenatokiak (etxea, lantokia…) gauzez, norberaren gauzez, husteak ere antzeko esfortzua eskatzen du.

Izan, ez da nahitaezkoa: erabakitzen ahal nuen lehen begiratu batean ikusitakoak nahaspilaturik botatzea, ezer bereiztu gabe. Bizkorrago amaituko nuen, eta saihestuko nuen nire bizitzaren oraingo errealitatera ekarri nauten erabaki, inguruabar, hari eta gorabeherei so egin beharra.

Erabaki dut egoera deseroso bat aprobetxatzea objektuen alderdi gorpuzgabeei begiratzeko: iraungitako ametsei eta etorkizuneko aukerei

Baina erabaki orohartzaile azkarrak inoiz ez dira izan hautu niretako, eta banekien antolatu, eraldatu edo baztertu beharreko gauza materialak xehe-mehe aztertu behar nituela: birziklatze-legeari men egiteaz gain objektu material ukigarriek gordeta daramaten karga immaterial ukiezin bezain bihotz-ukigarriari heltzeko.

Eta hala ari naiz orain, liburu, CD, brikolaje-tresna, ontzi, jantzi eta gailuak sailkatzen, urtetako hautsak harrotzen, eskuak zikintzen eta barrenak nahasten, oroitzapenak, emozioak eta sentipenak zein bere tokian eta tenorean kokatzen saiatzen, eta unean-unean erabakitzen zerk merezi duen gelditzea eta zerk alde egitea, zer izanen den berrerabilgarri, zer joanen den plastikora edo paperera eta zer bilakatuko den errefusa ezinbestean.

Sistema ekonomikoak tai gabe eramaten gaitu aldi berean gauzak metatzera eta botatzera. Aldiberekoak dira birziklatzeko eta gauza berriak eskuratzeko gonbitak. Eta horrela zaila da denbora hartzea benetan pentsatzeko zertan ari garen.

Oraingoan, erabaki dut egoera deseroso bat aprobetxatzea objektuen alderdi gorpuzgabeei begiratzeko: iraungitako ametsei eta etorkizuneko aukerei. Ez da atsegina, baina bizitzaren beste ikuspegi bat ematen du.