argia.eus
INPRIMATU
Ziburuko azoka - Azokaroa
“Azoka hedatzen ari gara, baina gure neurrian, era kontrolatuan”
  • 2019an hasi zen Ziburuko azoka eguneko ekitaldi gisa, baina azken urteetan azoka egunaz aparteko ekitaldiak antolatu izan dira inguruko herrietan ere: Azokaroa da. Ladix Arrosagarai Baltsan elkarteko kidearekin mintzatu gara Azokaroaren nondik norakoez.

Xabier Letona Biteri @xletona 2025eko apirilaren 30

Ziburuko azokan 20 minutuko sei liburu aurkezpen izaten dira, eta 2022ko ekitaldian ohartu ziren ez zela nahikoa: “Horregatik, Joanes Etxeberri Ziburukoa idazlearen aurkezpena egin genuen azoka egunetik kanpo, eta 35 bat pertsona bildu ginen Ziburun. Horrek erran nahi zuen azokatik at ere jendeak bazuela horrelakoen gogoa”.

2023an probatzen segi zuten eta bi ekitaldi gehiago antolatu zituzten: Rafa Rueda eta Gotzon Barandiaranen Hitzen Ahairera, eta Miren Azkarateren Ikusezinak liburuaren aurkezpena. Berriz ere ontsa hartuak izan ziren. Eta horrek 2024an Azokaldia antolatzera eraman zituen: "Azokak bere mugak hunkitu zituen, eremu eta denbora aldetik. Bi egunetara pasa? Ez, Baltsanen musu-truk aritzen gara eta pisuegi gertatuko zitzaigukeen. Lapurdi kostan arras guti gara euskal hiztunak, beraz, sortu behar dira momentuak euskaldunak batu, komunitatea indartu eta euskaraz goza dezagun”. Horregatik, aurreko hilabetean, maiatzean, azoka inguruko herrietara zabaltzea pentsatu zuten eta iazko edizioan lau ekitaldi egin zituzten Urruñan, Azkainen, Donibane Lohizunen eta Ziburun. “Lehen auzo ditugun herri horietatik datoz Ziburuko Azokara eta guk ere zerbait itzuli behar genien, eta horrela berretsi dugu jendeak baduela interesa, 30-40 bat herritar bildu izan baitira ekitaldietan”. Urruñan Ikastolako Euskaraz Bizi Batzordearekin antolatzen dituzte ekitaldiok, Azkainen irakurle taldekoekin eta Donibane Lohizunen AEKrekin: “Kezka berberak partekatzen ditugu”.

Eta 2025ean? Lehenik eta behin izen aldaketa gauzatu dute, Azokalditik Azokarora. “Aurten Euskaraldia maiatzera aurreratu da,  eta ondorioz, ikusten genuen nahasgarria gerta zitekeela Azokaldiarekin. Hortik dator izen aldaketa”. Eta bada bestelako aldaketarik ere, iaz auzo herrietara hedatu bazen Ziburuko azoka, aurten auzo herrialdera hedatu da, eta Nafarroa Beherako Ortzaizen antolatu dute ekitaldi bat: Uxue Alberdi idazleak Hetero liburua aurkeztuko du Menta liburu-dendan.

Arrosagaraik zehazten du Ziburuko azokak, bere xumean, izaera nazionala duela. “Baltsanek eta ARGIAk antolatzen dugu eta Euskal Herriko herrialde guztietatik datoz argitaletxeak eta jendea. Aurten Ortzaizera zabaldu gara eta, zergatik ez, datozen urteetan Bera, Lesaka, Irun edota Hondarribira: ez dugu muga hautsiko horrekin, baina gainditu bai, eta hori garrantzitsua da guhauren buruetan bereizten gaituen muga desagerrarazten joateko”.

Aurten lehenbiziz ere, bi hedabide ekitaldi baten bueltan jarri dituztela dio, horrela Euskal Irratiak eta ARGIAk Euskara sortuz (duin) bizi?, mahai-ingurua antolatu dute Amagoia Gurrutxaga eta Ximun Fuchekin. “Horrelakoei ere eutsi nahi genieke, euskararen edota euskal kulturaren ingurumarian izan daitezkeen hausnarketak eta eztabaida esanguratsuak lantzeko. Euskarak egiten gaitu herri, eta kulturak herri bizi; beraz, sorkuntza lagundu behar dugu, bestela gure kultura folklorizatuko da. Azokaroarekin, Ziburuko azoka hazten doa pixkanaka, baina bere neurrian, era kontrolatuan”.

(Azokaroari buruz gehiago: Azokaroa: sei ekintza kultural Ziburuko 6. azokaren atarian)